Iritzia

Zerbitzaria behar da

Erabiltzailearen aurpegia Oier Etxeberria 2021ko aza. 1a, 09:07

Oier Etxeberriak 2021eko urriko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Morroiari nolakoa zen abarkak lotzerako antzematen bazitzaion, pertsonari bezero denean bistaratzen zaio zer gizatasun duen. Eska daiteke "gin-tonica. Bitter-Kas bat ,mesedez". Edo "arratsalde on, mosto bat, ahal duzunean". Platera zikinak mahaitik jasotzerakoan, askok ezikusiarena egiten dute. Zenbaitek gorputza paretik kentzeko keinua atzerantz. Gutxi batzuek tresnak bildu eta eskura ematen dituzte.

Teknikoki, mostradorearen barruko aldea kanpokoa baino altuxeago egoten da, barrako mugimenduak errazteko. Halaber, ematen du, bezeroak sorbalda gainetik hitz egiten diola edariak prestatzen ari zaionari. Txakurrari deitzeko bezalako txistuak, txanponarekin mahai gaineko kaskatekoak eta "ni lehenago nengoen!"-ak. Gauaren lainezak besteekiko errespetua galarazten dionak, agian, hobe luke egun argiz ibiltzea.

Ezkontzetako argazkilaria, jolas parkeko monitorea edo turismo bulegoko gida. Denek lan egiten dute besteek ongi pasa dezaten, besteak ongi pasatzen ari diren bitartean. Beti asteburuetako erreleboan, beti korrontearen aurka igeri. Jendeak nekatu egiten du, oso pozik dabilenak are gehiago.

Ofizioaren gogorra dirudi garagardo kupelak garraiatzeak, edalontzi zikinak eskuz garbitu edo goizeko ordu txikietan beirazko botilak kaxetan sailkatu beharrak. Hala ere, ez da panorama gozoagoa inor ez dela etorriko jakitun, pertsiana jaso eta zain dagoenarena.

Agian, ostalaritzako hitzarmenak artikuluren bat dakar malekoiko terrazentzat, non jardunaldia eguraldiaren arabera egokitu dakieken. Harrituko gintuzkete ordutegi inprobisatuek, jardunaldi amaiezinek edo jenderik ez dabilela-eta etxera bidalitakoek. Ordukako jornalaritzaren oreka eternala. Zer prezio du Eguberri egunez senideak mahaian utzi eta fitxatzera joateak? Zenbat balio du nerabezaroaren ordubetek?

Gaur, besteren zerbitzura jarriko ginateke sos batzuen truke. Bihar, berriz, prest gaude zerbitza gaitzaten ordaintzeko. Demagun ikasle nerabe bat, larunbat gauez lagunekin parrandan. Biharamunean, bere ama da fregona hartu eta taberna garbitzera doana. Lankide bati entzuten nion, ziklikoa iruditzen zitzaiola astearen joana, irabazi eta gastatu; hamsterra gurpilean bezala sentitzen zela, jira eta buelta.

Eskolako sektore ekonomikoen azalpenetik, hirugarrenean, medikuak, irakasleak eta suhiltzaileak ditut gogoan. Beharbada, errepide bazterreko sasi garbitzaileak, kellyak, egunkari banatzaileak eta ehorzleak ere aipatuko zizkiguten, eta ni naiz akorduan hartu ez zituena. Eskolatik kanpora, entzunak gara zeinen gazterik hasten ziren batzuk ume zain eta besteak ezkontzetan consomméak partitzen. Ikasgai ederra da gazteak ikasten jarraitzearen garrantziaz jabe daitezen.

Azken boladan, geroz eta nabarmenagoa da negozio tradizionalekiko sinpatiarik eza, afaritarako zerbait eskatzean kasu. Tabernara telefonoz deitu, kroketa errazio bat eta tortilla patata eskatu, eta banatzaileari ordaintzea ez da aski erosoa. Horren ordez, bitartekaritzaz aberasten ari diren enpresen aplikazioak hobesten dira. Menua klikatu, helbidea idatzi eta transferentzia egin. Neuk entzuna da zoragarria omen dela "interakzio pertsonalik gabe" ogitarteko bat eskatu ahal izatea.

Iragarkiak ikusten dira jatetxe dotoreetan bezala taberna zuloetan. Sukaldaria, garbitzailea, zaintzailea, langilea behar dira. Zerbaitegatik izango da. Kamarero, kafe bat; hutsa ta doblea.