Iritzia

Kale edo bale

Erabiltzailearen aurpegia Oier Etxeberria 2021ko abu. 2a, 08:38
(Pixabay)

Oier Etxeberriak 2021eko uztaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Mostradore baten aurrean ebakia eta kafesnearen artean zalantzan nengoela, haur talde bat norbere gosaria eskatzen ikusteak iraganeko kontuak berritu zizkidan. Oroitzapenen tiraderan goxo gordeta ditudan ume garaiko larunbat goizak. Eskola kiroleko partida amaitutakoan, Xiriakora joan ohi ginen hamaiketako legea egitera.

Garai hartan, pintxo edo pastelen artean zer nahi nuen galdetzen zidatenean, aukeraketa irizpide argia eta bakarra izaten nuen: niretzat dagoen handiena (txokolatezko palmera edo natazko bonba, denak aitortzen hasita).

Pentsa liteke, lehen jaunartzea egin berri duen haur taldeak apenas har lezakeela Cola Cao edo kafesnearen artekoa baino erabaki garrantzitsuagorik. Umeak zoriontsu baitira ardurarik ezaren inozentzian. Orain, ordea, garaian uste baino pisu handiagoa ikusten diet lagun arteko  ibilera haiei, orduan hasten baita nabarmentzen nor den liderra eta nor jarraitzailea; zein sartuko dugun kuadrillan eta zein bota. Ez dago zalantzarik, gerora, nork bere bidea egiten duela, baina gutxien uste denean jartzen dira bizimoduaren oinarririk sendoenak. Haietako asko goxoki dendaren aurreko korroetan.

Esperantzara ez dakit, baina etengabeko aukeraketara kondenatuta gaude, eta aukeraketa horietako bakoitzak kondenatzen gaitu. Denok isiltasunaren ugazaba eta hitzen gatibu omen gara. Bistan denez, gertaeren jabe eta erabakien maizter ere bai.

Pijama arrosa edo urdina, futbola edo saskibaloia, zientziak edo letrak, alokairua edo hipoteka, furgoneta edo hotela, ezkerra edo eskubia, makulua edo ebakuntza, zaintzailea edo erresidentzia. Normalean ikasle kaskarrei asko gustatzen zaizkie test erako azterketak; idatzi beharrik gabeak, a edo b aukeratzeko horietakoak. Zalantzaren aurrean c; alegia, erantzun guztiak dira okerrak.

Askotan, erabakirik sinpleenak hartzen pasatzen da denborarik gehien: zer zaporetako izozkia erosi edo zein kartoizko kaxa bota zaborretara. Mark Zuckerbergek, Facebook sarearen sortzaile eta akziodun nagusiak, arropa modelo berbera janzten omen du egunero. Goizean zer jantzi aukeratzen denbora galdu beharrean, energia probetxu gehiagoko ekintzetara bideratzeko. Bizitza guztia bainilazko izozkia jaten pasatzea bezala...

Arazoak beti gerorako atzeratzea diktadorearen mahaia paradoxarekin azaldu zidaten. Diktadoreak mahai gainean bi dokumentu pila izaten omen zituen: alde batean denborak konpondu zituen arazoak zeuzkan; eta bestean, berriz, denborak konponduko zituenak. Apenas egiten zuen diktadoreak paperak mahaiko pila batetik bestera aldatzea baino.

Bidegurutzeetan, arrasto batek zerura eta besteak amildegira garamatzala ematen du. Horrelakoetan, irizpide propioa izatea oso beharrezkoa da, bakoitzak bere ibilia originaltasunez urra dezan. Ordea, errepidean gainontzeko auto guztiak kontrako norantzan gurutzatuz gero, pentsatu beharko da ez ote den norbera erreiz nahastuta dabilena. Nora doan ez dakienarentzat, bide guztiak dira okerrak. Bageneki nondik itzuli, ume garaiko larunbat goizetara...

Ondo pentsatutako eta sakon hausnartutako erabakiek desegokiak izateko arriskua dute. Konpultsiboki beroan hartutakoek kontuak atera. Agidanez, hartu gabeko erabaki bat bezain okerrik ez omen da; beraz, zuzena bada burruntzia, okerra bada igitaia, zabala bada pala. Jo dena dela.