Erditze osteko esperientziak

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Sancho Esnaola 2015ko mai. 20a, 12:24

Familia motak, egoerak, erditzeak... askotarikoak direnaren jakitun, bikote heterosexual baten lehen haurraren jaiotzaren kasuan oso ohikoak diren egoerak deskribatuko ditugu. 

Txikia jaio eta gutxira, norbere gorputzarekin segurtasuna lortzea eta, guraso izateaz gain, bikote nortasun berri bat eskuratzea tokatu ohi da; plazera eman eta jasotzeko bide berriak esploratzeko garaia da.
 
Desira maskulinoa exekutiboa, penetratiboa, zuzena, bisuala, esplizitua bezala deskribatu da. Zer edo zer zehatza bilatu ohi du, asetu eta tentsioa deskargatu. Femeninoa, berriz, sarri, sentsorialagoa, kontestualagoa izan ohi da; harremanak berak ematen diona baloratzen du, egingo dena baino gehiago norekin egingo den da garrantzitsuena. 
 
Erditu ostean, emakumearen gorputza, pentsamenduak, bizipenak... dena sentiberagoa bilakatu ohi da. Hau bikotean horrela ematen denean, nola bat egin bikotekidearekin? Mutilak pazientzia badu eta neska ulerkorra bada, gauzak ongi joan daitezkeela pentsa dezakegu.
 
Lehengo bizitza erotiko konpartitua, lehen funtzionatzen zuten sistemak, moduak... jada agian ez dira erabilgarriak. Exijentziak gutxitzea interesgarria izan daiteke, gutxiago espero izatea, helburu sinpleagoak markatzea. 
 
Bestetik, emakumeak konkretuki bagina sarketarako gogorik ez badu, edo gorputza ukitzen diotenean ez bada gustura sentitzen, gizonezkoari asetzen lagun diezaioke, masturbatuz, adibidez; kidea kontuan hartzen duela adierazteko modu bat baita. 
 
Bestalde, kontrakoa gertatzen bada eta titien botere berriak aktibatzearen ondorioz neskaren desira gehiago pizten bada, hori asetzen laguntzea ere interesgarria litzateke, solidarioa, kasu honetan, gizonezkoa izanik. 
 
Baliteke etapa berri honetan gauzak ondo egitea baino gehiago huts ez egitea izatea helburua. Emakumezkoak, harremanean gustura sentitzeak desira piztu dezake, eta kontrakoak itzali.

Desiran eragin zuzena

Hona emakumezkoek dituzten kexa garrantzitsuenen zerrenda eta beraien desiran zuzenean eragiten dutena: "Ez da konturatzen desberdin nagoela, nire mundua desberdina dela orain", "babesa behar dut, deiak, bisitak, bere familia... mugak jartzen lagunduko balit...", "ez dit galdetzen zer moduz joan zaidan eguna, badakielako kexatu egingo naizela, bakarrik sentitzen naiz", "itsusi ikusten dut nire burua, ileapaindegira joan beharko nuke baina ez dut denborarik", "berak bere bizitza normalarekin jarraitzen du: lana, lagunak, kirola... ni 24 orduz lanean nago", "ohean portatila sartzen du, ezin dugu hitz egin", "besarkada bat eta musu bat behar ditut baina, eskatzen badizkiot, uste du larrua jotzen bukatu behar dugula, hortaz muxu eta besarkadarik gabe bizitzen ari naiz, triste nago".
 
Puntu horiei buruz hitz egiteak asko lagundu ohi du elkarbizitzan, eta emakumeek topaketa erotikoetan parte hartu nahi izatean.