Armairutik atera eta askatu

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Sancho Esnaola 2015ko ots. 27a, 11:23

Baliteke sexu bereko kide batzuk zure gustuko izatea eta zure buruari ezagutzeko aukera eman ez izana. Behar bada, erotikoki askatu nahi duzu, baina zure  bikoteak ez dizu jarraitzen. Agian, zure mundua txikia sentitzen duzu eta amestera ere ez zara ausartzen, besteek esango dutenaren beldur zarelako edota porrotaren ikaragatik. Kasu horietan eta beste askotan, 'armairu barruan' gaudela esan genezake.

Gure aukerak bere osotasunean ez erabiltzea zentzuzkoa izaten da, behar indibidualak eta gizartearen normen arteko oreka bat bilatzen badugu. Baina, sarritan, gehiegi ixten gara eta itolarria senti dezakegu, gaizkiegon sakona. Geure buruari uko egiteak, gure natura koherentziaz ez bizitzeak, oso zoritxarreko bihur gaitzake. Hortaz, askatzea ezinbesteko giza beharra da. 

'Armairu' hori, barruan gaudenean, txiki geratzen zaigu eta atera beharra izaten dugu. Baina hor ez da amaitzen bidea. Bizitzaren zikloak denbora eman ohi digu armairutik ateratzeko, matrioska edo errusiar panpinei gertatzen zaien modura. Ezinegonak indarra ematen digunean, bat-batean gure bizitza iraultzeko kemena eman ohi digu. Ahalmen horri forma ematea komenigarria izan daiteke, ordea. Bestela, harremanak urratu, eta erabaki okerrak har baitaitezke intentsitateak eraginda. 

Gure lagun edo senide bati sexu bereko kideak maite ditugula trasmititu nahi diogunean, "homosexuala naiz" esatea aukeretako bat da, baina agian badira beste era zainduagoak eta emozionalagoak. Esate baterako: "norbait gustatzen zait. Ez dut uste espero duzun norbait izan daitekeenik, prest zaude jakiteko?" Noski, hemen bakoitzak bere formula eta, batez ere, unea aukeratu beharko du. Bidea erraztuko dion lagun, senide, lankide edota beste norbaitekin konplizitatea sortzea ezinbestekoa izan ohi da, gainera. Pareta eskalatu ordez, bidezidorra hartzeak mesede egin ohi du, beraz. Hemen ere, bidea egin behar izaten da. Apurka, baina etenik gabe. 

Norbera izatea ez da lan makala. Beldurra izatea ohikoa da, garen bezala onartuak izan nahi eta izatea behar baitugu. Maitatuak sentitu. Jende askok ohiko bizilekua utzita lortzen du munduan bere tokia aurkitzea. Beste batzuk, dauden tokian bertan lekua egitera iristen dira. Bi kasuetan, ezaguna dena atzean uztea beharrezkoa da, "konfort eremua" deritzonari uko eginez.

Merezi du 

Ezinbestean, aurrerapauso honek merezi izaten du. Bizimodua errotik aldatzen, garatzen, laguntzen du, eta bizitzako hurrengo etapara pasatzeko beharrezkoa da. Urduritasunaren ostean, norbere buruarekin bakea iristen da, bizipoza eta gogobetetasuna. 

Hortaz, orain bi galdera egin diezazkiokezu zure buruari: "zenbat urte ditut?" eta "zenbat urte gehiago biziko naiz horrela?" Beste hamar, hogeita hamar, berrogehita hamar?

Otsaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.