Garai bat atzean utzi

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Sancho Esnaola 2014ko aza. 28a, 11:29

Jatorria ezaguna edo ezezaguna izan, garai batzuk ondoezari lotuta datoz eta horiek, bai bakarka eta bai bikotean, atzean uztea ezinbestekoa izaten da, aurrera pozik jarraitu ahal izateko.

Batzuetan oso argi ikusten da zein den bikote arazoa edo bakarkako arazoa, eta atzean uzteko zer egin behar dugun eta nola. Beste batzuetan, aldiz, kanpoko laguntza ordainezina bihurtzen da. Bi kasuetan egin beharreko aldaketak eginda: maitalearekin harremana eten, etxez aldatu, komunikatzen ikasi, dibortziatu, barkamena eskatu, orgasmoak izaten ikasi, janzkera estilo pertsonala aldatu... Aldaketaren oroimenerako balioko duen ospakizun, erritu, mugarri bat ezarrita. Pasatze errituak bizitzako trantsizio garai bat sinbolizatzeko balio duten ekintza multzoa dira.

Ospakizuna edota erritua gauzatu aurretik, berebiziko garrantzia du zorrak kitatzeak, ordaintzeke ezer ez uzteak. Bikoteen kasuan, hori ezinbestekoa izaten da.

Bikotekide biek izan ohi dute mina egin izanaren ardura; batak zein besteak egin diote huts edo min, modu batera edo bestera, besteari. Biek egin izanak, ordea, ez du kontua berdinketan uzten: biek erreparatu behar dute besteari egindakoa. Hortaz, bat gehi bat ez da zero, bi baizik.

'Fakturak' ordaindu behar dira, hortaz, egindako mina erreparatu, konpentsatu, konpondu, zuzendu. Hori egiteko modua bikotekideek adostu behar dute: elkarri opari bat egin, zigor bat bete, kontzesio bat adostu... egindako minen arabera, juxtua eta benetakoa, inoiz ez sobredimentsionatua, ezta gutxietsia ere.

Pasatze erritua aukeratzea

Ordain horiek eztabaidagai izateari uzten diotenean betirako –horrela izan behar du derrigor–, edo bakarka egin beharreko pausoak emanda, pasatzea begibistakoa eta ahaztezina egingo duen ekitaldia antolatuko dugu. Tartean egon daitezke argazkiak, berezi janztea, landare bat zaintzen hastea –kaktusek ez dute balio, oso esker onekoak dira eta–, gela edo etxea birdekoratzea, eskutitz bat idaztea, etxean koadro bat jartzea, gorputza dekoratzea –eraztuna, pultsera, tatuajea, belarrian zuloa egitea...–, baratzean altxor bat lurperatu eta kanpoan seinale bat jartzea, zerbait erretzea, poemak edo abestiak sortzea, bideo bat egitea... Esanguratsua izan behar du, gure gustukoa, ederra eta oroiterraza.

Ahalduntzea ondorio

Hiltzen ez gaituenak indartsuago egiten gaituela dioen esaerak arrazoi guztia du. Krisi terminoak, arriskua eta aukera, bi esanahiak ditu bere barnean. Arriskuari aurre egin, eta sortzen den aukera berriari eustean jarri behar da begirada.

Arlo erotikoan ere hala gertatu ohi da. Krisia gainditzen duten bikoteak, krisialdiaren aurretik baino hobeto aurkitu ohi dira. Banakoen kasuan ere, autonomia eta auto-estiman bultzada nabarmena ematen du zailtasun bat gainditzearen esperientziak.

Azaroko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia artikulua.