Natulen itxulapikoak gertu daude herritarren ekarpenak jasotzeko

Erabiltzailearen aurpegia Natul Azpeitiko euskara taldea 2017ko mar. 14a, 17:32
Herriko zazpi tokitan daude Natulen itxulapikoak.

Azpeitiarron hiztegia ari da potoltzen. Astetik astera pilatzen ari dira hitzak eta esamoldeak, eta ari gara pixkanaka horiek Azpeitiarrez natul egitasmoaren webgunean sartzen; 230etik gora sarrera argitaratu ditugu jada. Webgunean bertan ez ezik, Natulek herriko zazpi ostalaritza gunetan jarri dituen itxulapikoak ere erabil ditzakete herritarrek beren ekarpenak egiteko.

Urola Express, Berdie, Aitonena I, Sanagustin, Korrale eta Orkatz tabernetan, eta kaleko Egaña gozotegian jarri ditugu itxulapikoak. Martxoaren 24a arte egongo dira itxulapìkoak aipatutako lekuetan, azpeitiarron hiztegiari hitz eta esapide berriak gehitu nahi dizkietenen eskura. Orain arte, hiztegirako ekarpenak ez ezik, diru ekarpenak ere egin dituzte Natulek jarritako itxulapikoetan; horiek ere eskertzen dira, baina ez dira beharrezkoak!

Animatu, batetik edo bestetik, eta segi dezagun guztion artean azpeitiarron hiztegia osatzen.