Dozenerdia baino zerbait gehiago

'Antixune' edo 'antuxiñe'. (Euskaljakintza)

Joan den astean kontatu genizuen moduan, azpeitiarron hiztegia itxura bikaina ari da hartzen. Astero-astero ari gara zuen ekarpenak jasotzen, eta dagoeneko hitz asko pilatu zaizkigu gure datu-basean. Errepikatutako hitzak daudenez, galbahetik pasatu behar izaten ditugu, eta behin hori eginda, joango gara webgunea eguneratzen, apurka-apurka.

Aste honetan, hitz asko bildu ditugunez, aurrekoan baino esapide gehiago sartzea erabaki dugu. Hogeita zortzi dira hiztegian sartu ditugun hitz berriak, eta oso deigarriak iruditu zaizkigu hainbat. Hauek dira asteko dozenerdian sartu ditugun hitzetako batzuk:

- Muskirak: Mokoak.

- Zikinestaliye: Zikina ondo disimulatzen duen arropa edo kolorea.

- Kalparra: Goizean, esnatutakoan, ilean eduki ohi dugun tontorra.

- Antixune/Antuxiñe: Edalontzi mota bat.

- Xera xerie: Oso leuna. Xuabe-xuabea.

Hitzen esanahia oso argi ez duenak, ez ahaztu gure webgunean hitz bakoitzaren azpian dokumentu bat jaisteko aukera duela, hitzokin egin ditugun esaldiekin osatua.

Herritar guztion ekarpenak jasotzea oso aberasgarria da. Adin desberdintasuna medio, Azpeitian erabiltzen ditugun hitzetan eboluzio handia izan da; beraz, garrantzitsua da, zaharrek ez ezik, gazteek ere egitasmoan parte har dezaten. Denon artean sortuko dugu, elkarlanean, azpeitiarron hiztegi natul bat.

Izango duzue gure berri datozen asteotan. Zuek, bitartean, jarraitu zuen hitzak bidaltzen!

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide