Herritarren ekarpenekin, kaleko Gabon kanten zerrenda berrituko du Juan Antxieta musika eskolak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Antxieta musika eskola 2021ko abe. 20a, 15:40

Juan Antxieta musika eskolak Gabon kanten zerrenda osatu nahi du herritarren laguntzarekin, ondoren horiek herriko kaleetan entzun ahal izateko. Sariak dituzte parte hartzaileentzat.

Gabonetako oporren atarian, egitasmo berri bat jarri dute martxan Juan Antxieta musika eskolakoek. Hain zuzen ere, herritarren gustuko Gabon doinuak jaso nahi dituzte, eta horretarako, jendearen laguntza behar dute. Udalak kalean jarri ohi duen Gabon kanten zerrenda berritu nahi dute, eta hori osatzeko, iradokizunak jasoko dituzte.

Egitasmoan parte hartzen dutenen artean, gainera, Kulturaz kooperatibaren bi Kultur Bono zozkatuko dituzte. Parte hartzeko, Juan Antxieta musika eskolaren Instagram kontuan sartu, orrialde hori jarraitu, eta egitasmoaren inguruko argitalpenean Gabon kanta baten ekarpena egin beharko da. Hau da, abestiaren izenburua eta haren egilea idatzi beharko ditu parte hartzaileak, eta Kultur Bonoa tokatzea nahiko lukeen pertsona bat etiketatu beharko du argitalpenean. Egin beharrekoa hobeto ulertzeko, argitalpenaren adibide bat jarri dute: Hatoz gurekin Mari Domingi-Kurkuluxetan, @maijomusika. 

Euskarari lehentasuna emango diotela azaldu dute musika eskolako ordezkariek, eta beraz, euskarazko doinuak hobetsiko dituzte kalerako sortuko duten zerrendan. Izan ere, Azpeitiko Udalarekin hitzartu dute herritarren proposamen horiei lekua egingo zaiela Gabon egunetako musika orduetan. "Beraz, zuen ekarpenak entzun eta kaleak alaitzeko aukera galdu nahi ez baduzue, animatu zaitezte!", adierazi dute Juan Antxietakoek. Abenduaren 22an beren sare sozialen bidez jakinaraziko dituzte Kultur Bonoen irabazleen izen-abizenak.