Hurrengo geltokia

Erabiltzailearen aurpegia Miren Segurola 2022ko abe. 10a, 08:30
Errepideko kartel bat, ele bitan. (flaneurapoitiers.net)

Miren Segurolak 2022ko azaroko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Hurrengo geltokia: Julian Elortza. Próxima estación: Julian Elortza. Hurrengo geltokia: Lasao. Próxima estación: Lasao. Hurrengo geltokia: Zestoa. Próxima estación: Zestoa. Eta segi horrela, auskalo noraino. Elebitasuna hezurretaraino sartuta, ofizialak diren bi hizkuntzak modu berean kontuan hartuta, jazarria eta zapaldua izan den euskarak eta munduan 592 milioi hiztun dituen gaztelerak arreta eta zaintza bera beharko luketela sinetsita.

Horrela iritsi zaigu elebitasuna, urte askoan goitik behera irentsarazi dizkiguten konplexuz betetako erabakien artean. Izan ere, Franco hil baina lur azal-azalean lurperatu zutenean hasi ziren euskara onartzen pixkanaka, Euskal Erdian ofizialtasuna iritsi zen gero, baina erdarazko baliokidea ere ondoan behar zuen beti, badaezpada, inor baztertuta edo irainduta ez sentitzeko. Aurrena bide seinaleak sartu zizkiguten begietatik: Azkoitia, Azcoitia. Zestoa, Cestona. Zumaia, Zumaya. Getaria, Guetaria. Zarautz, Zarauz. Gero idatzi ofizialen eta gainerakoen ordua heldu zen, eta horrela jarraitu dugu, gaur arte. Musika Música izeneko jaialdi bat ere antolatu dute azken urteotan Euskal Herriko hiri handienetan.

Erakundeek horrelakoak eginda, ez da harritzekoa herritar arruntak ere eguneroko kontuetan horrela behar duela sinetsi izana. Udalerririk euskaldunenean egon zaitezke, aisialdian, haurrekin jolasean, eta begiralea kapaza da oharrak, post-itak eta antzekoak bi hizkuntzatan idazteko. Jolasak. Juegos. Galderak. Preguntas. Eta abar. Ez esan ezer, gainera, laster erantzungo baitizu berak denak errespetatzen dituela, gainerakoak errespetatzen ez dituena zu izango bazina bezala. Gure herrian gure hizkuntzan aritzea beste inor baztertzeko arrazoia balitz bezala. Bera malgua, mundura irekia, denen laguna. Eta zu betiko euskaldun tematia. Talibana.

Urte asko behar izan ditugu, baina emakumeen eskubideei dagokienez azkenean denok ulertu dugu berdintasuna ez dela parekidetasuna. Eskubideak gutxituta dituena pribilejioak dituena bezala tratatzen baduzu, inoiz ez direla iritsiko parekoak izatera, eta, beraz, ezinbestekoa dela diskriminazio positiboa, jendartean errotuta dauden zapalkuntzak gainditzen joateko. Hizkuntza kontuetan, ordea, oraindik ere atzeratuta gabiltza. Jazarria izan dena eta hegemonikoa dena berdin tratatu behar ditugula sinetsarazi digute, batek bidezidorrak soilik eta besteak munduko autobide eta baliabide guztiak ez balitu bezala.