Iritzia

Bat 580ren aurka

Erabiltzailearen aurpegia Miren Segurola 2022ko mai. 5a, 08:06
Azpeitia.

Miren Segurolak 2022ko apirileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Euskarak, iraungo badu, hizkuntza normala izan behar du. Han eta hemen erabiltzen duguna, egunero, eginkizun guztietarako eta bi aldiz pentsatu gabe. Makulurik eta ordezkorik behar ez duena, normala eta normalizatua. Hori ez da, ordea, gaur-gaurkoz bere egoera. Hizkuntza gutxitua da, munduko hizkuntza handienen artean bizi dena. Euskarak milioi bat hiztun eskas ditu, eta parean dugun gaztelaniak, berriz, 580 milioi. Hori da bi hizkuntzen artean dagoen distantzia.

Hain zuzen, galtzeko arriskuan dagoen hizkuntza delako, lege babesa beharrezkoa du euskarak. Galtzeko arriskuan dauden animaliak zaintzen ditugu, gune naturaletan babesten ditugu eta horietatik zabaltzeko neurriak hartzen dira. Erabat barneratuta dugu horrela izan behar duela, badakigulako animalia mota bat galtzen den bakoitzean berreskuratzeko ezinezkoa den altxor bat galtzen dela. Hizkuntzekin ere beharrezkoa da kontzientzia hori lantzea, mundu globalizatu honi egiten dioten ekarpena kontuan hartzea.

Teoria oso polita da, baina neurri praktikoak behar dira gure hizkuntza eta haren arnasguneak zaintzeko. Horri erantzuteko asmotan sortu zen Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa. Tresna horren helburua da hirigintzako zein beste esparruetako proiektuek eta esku-hartzeek herriko egoera soziolinguistikoan duten eragina neurtzea. Alegia, herriko euskararen ezagutzan, erabileran eta bizimoduan horiek zer ekarriko duten aurreikustea, neurtzea, baloratzea eta neurri zuzentzaileak proposatzea. Oso erraz ikusteko: zer gertatuko da ehun biztanleko udalerri euskaldun batean, bat-batean, hogei etxebizitza egiten badira? Zenbat biztanle berri izango ditu udalerriak? Nondik etorriko dira? Nola aldatuko da udalerri hori? Galdera horiei erantzuteko sortu zen ELE tresna, eta dagoeneko badu lege babesa, EAEn, 2016ko udal legean jaso baitzen, eta ondoren, 2019ko dekretuan arautu.

Duela egun gutxi jaso nuen etxean Azpeitiko etxebizitza plana. Bertan zehazten da zein izango den udalaren etxebizitza politika datozen urteetan. Liburuxkaren arabera, plan horren helburua da herritarrei herrian bizitzeko bideak jartzea, eta geruza sozial guztietako azpeitiarrek izatea etxebizitza batean sartzeko aukera: babestutako etxeak eginda, dirulaguntzak jarrita, etxeak birgaitzeko laguntza emanda... Berdintasun balioak kontuan izanda eginiko planteamendua da, ingurumena, generoa, hizkuntza eta herritarren beharrak erdigunean dituena. Bertan azaltzen denez, urbanizazio proiektu guztiei egingo zaie Azpeitian Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa. Izan ere, arnasgune bateko herritarrei herrian bizitzeko, lan egiteko, erosteko, jolasteko... aukera erraztea bera da euskarak bertan goxo bizitzen jarrai dezan neurriak hartzea. Herriaren garapen jasangarri bat irudikatu nuen nik, gure hizkuntza babestu eta zabalduko duena.

Hori guztia eta gehiago beharko du; lege babesa eta ekintza zibila. Izan ere, gogoan izan behar dugu, Azpeitian ere hizkuntza gutxitua dela euskara, bat 580ren aurka dela hemen ere.