Koronabirusa Azpeitian

Ura leporaino izan arren

Erabiltzailearen aurpegia

Miren Gorrotxategik Urola Kostako Hitza egunkariaren 'Puntuka' atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau:

"Kulturak salbatu gaitu" deitu nahi nion artikuluari, baina neurriz gainekoa iritzi diot. Benetan salbatu gaituena bakartzea izan baita, isolamendua bera. Eta erizain nahiz medikuak. Garbitzaileak. Supermerkatuetako zein zahar-etxeetako langileak. Banatzaileak. Nekazariak. Horiek guztiek salbatu gaituzte zomorro madarikatutik. Eta kulturak? Ba, zomorrotik ez gaitu salbatu, baina bai isolamendutik bertatik. Zenbat aldiz entzun ote dugu "benetan garrantzitsua zer den konturatzeko balio izan digu" esaldi usatua. “Besarkadak eta kanpoko haizea botatzen ditut faltan”, are usatuagoa. "Besarkadak eta kanpoko haizea": beti ez dugunaren premian; dugunarekin ezin konformatu madarikatu hau. Baina ez da gutxi, gero eta indibidualistagoak garela behin eta berriz azpimarratzen zaigun gizarte honetan, bakartasunetik ezer ez garela ohartzeko balio izan badigu konfinamenduak.

Sukaldaritzak, literaturak, arte plastikoek, filmek, kirolak eta joskintzak bete digute, besteak beste, handiegi egiten zaigun hutsune hau. Egunerokotasunari zentzu bat ematen lagundu diote, denborari mugarriak ezarri dizkiote mugitzen ez diren erlojuaren orratzetatik harago. Konfinamenduaren hasiera samarrean jaso nuen, agian zeuk ere bai, maria edo bigarren mailakotzat jotzen diren ikasgaien inguruko mezu hura, Donibane Azkaratek idatzia. Paradoxikoa zela zioen ikasgelan pisu gutxien duten ikasgaiak direla orain eguneroko karga astuna arintzen digutenak. Ez dute haurrek kultura eskolaren bitartez bakarrik jasotzen, baita etxetik eta gizartetik ere, nola ez. Eta noski ikastetxeetan ez dugula kultura gutxiesten; ez espresuki behintzat. Baina jakin nahi nuke bigarren mailako ekuazioak ebazten dakizkiten ikasleetatik zenbat diren gai hiru euskal margolariren izenak emateko. Eta gauzei garrantzia esplizituki ematen ez bazaie, garrantzia galdu egiten dute.

Esan bezala, gutako asko kulturak salbatu gaitu isolamendutik eta zeharo ez erotzetik. Izan ere, ura leporaino izan arren, kulturak sortzen jarraitu du, Titaniceko orkestrak hondoratu arte jotzen jarraitu zuen bezalaxe. Baina nork salbatuko du kultura? Naufragio kolektibo baten aurrean gaude, dudarik gabe. Koronabirusaren icebergak krisian hondoratuko gaitu guztiok, zalantza izpirik gabe. Baina, kaltetuenak, orain ere, lehendik desabantailan zeudenak izango dira, 3. mailako kamaroteetan zeudenak, alegia.

1.100 atxikimendutik gora jaso ditu euskal sortzaileek apirilaren 21 eta 22rako deitutako greba digitalak. “Ikusi gaitzazuen desagertuko gara, entzun gaitzazuen isilduko gara” lemapean, Interneten kultura-edukirik ez partekatzeko deia egin zitzaigun euskal sortzaileoi. Eta, oihala itxi denean, prekarietatea soilik gelditu da oholtzan. Hala ere, ez dakit Lakuako bulegoetatik entzun ote duten isiltasun hori.

Azkenaldi honetan telebistan hain ohiko bihurtu diren prentsaurreko horietako batean, kazetari batek Celaa Hezkuntza ministroari galdetu zion, unibertsitatean irakasle izana denez bera, ea zer gomendio emango zizkiekeen, egoera honen aurrean, entzuten ari zitzaizkion ikasleei. Celaa zer esan ez zekiela gelditu zen: "Nire ikasleei? Ui, jada ez naiz gogoratu ere egiten", izan zen bere erantzuna. Nabarmen utzi zuen nola egiten diren hezkuntza-politikak gurean: ikasmahaian eta Ikasgelaren aurrean dagoenarekin asko oroitu gabe, kultura-politikak sortzaileekin pentsatu gabe egiten diren moduan. Eta horregatik inor lotsagorritu gabe.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide