Dena libre denean

Erabiltzailearen aurpegia Miren Gorrotxategi 2020ko ots. 27a, 12:21

Miren Gorrotxategik Urola Kostako Hitza egunkariaren 'Puntuka' atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau:

Urtean behin barkatzen da. Aske gara barregarri geratzeko, inongo lotsarik eta konplexurik gabe. Geure eguneroko benetakotasun maskara kendu eta mozorroa janzteko. Edo egunero daramagun mozorroa kendu eta benetan garen bezala agertzeko. Erlijio kristauan Garizumak zekartzan mugaketen aurretik arnasaldi askea. Jatorria erromatarren garaian duela ere esaten da, Saturnalia jaietan, hain zuzen. Festa horietan, dena libre omen zen. Erlijio kristauak jai hori desagerrarazteko lanak izan omen zituen, eta Eguberriz jantzi omen. Sorrera Egiptoko faraoien garaian duela ere badiote aditu batzuek. Kontua da, milaka urteren ondoren, ia mundu osoan zehar ospatzen den jaia dela, guztietan ere antzeko ezaugarriekin.

Milaka kilometrok banatzen gaituzte Rioko inauterietatik, bost mila urtek Egiptoko lehen inauteri antzeko jai haietatik. Eta guztietan nahi eta desira berberak: festa, alaitasuna, egunerokotik ihes egin beharra, ezarritako mugen gaindi jarri beharra, ezohiko permisibitatea egun batzuez. Europan zehar ospatzen diren kutsu tradizionaleko inauterietako argazkiei begira hasita, antzekotasunak ugariagoak dira desberdintasunak baino: Bulgarian kukeri-ak, Hungarian muso-ak, Sardinian mamuthones-ak, Kroazian dondolas-ak, gurean joaldunak... Guztietan nagusi dira ardi-larrua, joareak... zenbaitetan tunturroak, adarrak, maskarak, kolorezko zintak... Bakoitza bere ezaugarri eta berezitasunekin, noski, baina geure-geure delakoan gauden hori denona izan litekeela pentsaraz diezagukete, nik uste.

Baina baditu inauteri bakoitzak bere berezitasunak. Azpeitikoei begira jarrita, bi berezitasun nagusi dituztela esango nuke. Bata, Elegante Eguna. Herri osoa apain-apain janzten den eguna. Hogei urte baino gehiago dira lagunok elegante janzten hasi ginenetik, eta aldaketak sumatzen dira nesken janzkeren artean. Hain ondo definitu gabeko epokako soineko horien interpretazio gero eta pertsonalagoak ageri dira, jostunen patroi zurrunetatik urrun. Beste batzuok prakak eta gorbata jantzita sentitzen gara erosoen, eta nahiko normalizatua dagoela esango nuke jada. Eraldaketa hori, ordea, ez dut mutilengan ikusten. Ez dut uste "emakumez" jantzitako mutil bakar bat ere gurutzatu nuenik igandean (emakumez jantzita diodanean, ulertu tradizionalki emakumeoi egotzi zaigun janzkeraz ari naizela: gona, makillaje eta abarrekin). Astelehen Karnabalean bai, dena edo ia dena onartuta dagoen egun horretan, zaleak dira gizonak minigona, takoi eta ileorde luzeak janzten, emakume desitxuratu esperpentikoak sortuz. Baina polita litzateke ikustea Elegante Egunean ere gizonak beste rol horretan, inauteriak benetan inauteri direla erakutsiz, non edonork maskarak truka ditzakegun, ez gure eguneroko rolak indartu soilik.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.