Beltza

Erabiltzailearen aurpegia da hau Miren Gorrotxategi | Iritzia
2019ko aza. 21a, 11:41

Miren Gorrotxategik Urola Kostako Hitza egunkariaren 'Puntuka' atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau:

Beltza, bai. Baina ez naiz ari Ostiral Beltzaz. Azaroaren 25ari buruz idazten hasi, eta beltza datorkit burura, morearen ordez. Edo ubela esan beharko nuke, agian. Morea nahiago baitut Emakume Langilearen Egunerako gorde. Geurea da morea. Geure borrokaren sinboloa. Horregatik diot azaroaren 25ekoa ez dela morea. Askotan, eta konturatu gabe eta asmo txarrik gabe, gaizki esan ohi baitugu azaroaren 25ean zer ospatzen den: Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Eguna. Badirudi errealitate bat berresten ari garela; hotz-hotzean hartuta, ia-ia goraipatzen ere bai. Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Eguna: hala behar genuke esan, bere silaba guztiekin. Luzea, baina beharrezkoa. Indar handia baitu kontzienteki nahiz inkontzienteki, edo asko pentsatu gabe, esaten dugunak. Zer esanik ez esan gabe uzten dugunak. Esan nahi dut, egun horren izenburuan garbi dagoela biolentzia nork jasaten duen ―inork zalantzarik bazuen―. Baina aipurik ez dela egiten biolentziaren eragilea nor den. Ekintza egiten duenaren arrastorik ez.

Ulertzeko, hona hemen euskara ikastaro express bat: "Emakume bat bortxatu dute" perpausean subjektua eliptikoa da: "haiek". Hala, ekintza nork egin duen argitu beharrik ez ―haiek… nor ote da haiek???―. Aldiz, "Emakume bat bortxatua izan da" perpausean… tatxan! Emakumea bihurtu dugu subjektu. Hizkuntzaren magia. Sorginkeria. Aztikeria. Justiziak ere perpausek bezalaxe funtzionatzen du. Objektua subjektu bihurtuz. Biktimak errudun. Subjektuak lurrun. Bortxatzaile, hiltzaile, proxenetak aske. Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Egunean, edo Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Egunean, hobeto esan, fokuak berriro ere emakumeen gainean, perpauseko subjektu eragileak itzalean dauden bitartean. Fokua, puntu morean. Morean baino, ubelean beharko luke. Ubelduretan, alegia. Eta denok lazo ubel-moreak jantzita gabiltzan bitartean, subjektu eragileak, bortxatzailehiltzaileproxenetaetabeste, eliptiko, itzalean, berriro ere.

Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren atarian.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu