Kristalezko hormak

Erabiltzailearen aurpegia Miren Gorrotxategi 2019ko urr. 24a, 17:13

Miren Gorrotxategik Urola Kostako Hitza egunkariaren 'Puntuka' atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau:

Opari bat jaso dut aste honetan: haurrentzako liburuz betetako bi kaxa. Baina non sartu liburu horiek guztiak? Agindu bakarra eman didate: nahi dudana egiteko liburuekin, baina ez botatzeko inondik ere. Nola bota, ba, halako altxorra? Tartean umea nintzeneko libururen bat ere topatu dut, baten batek neuk idatziriko “300 pezeta” etiketa ere badu jarrita, noiz edo noiz dendazka jolasteko erabilia. Baina ez nuen liburu hura gogoratzen. Kaxa haietan ez dago, egia esan, txikitan markatu ninduen ipuin bat bera ere. Izan ere, pentsatzen hasita, ipuin bat izan da behin eta berriro urte hauetan nire burura etorri dena. Orain arte ez nekien ez haren izenik, ez autorearenik… Ikastolan gaztelaniaz irakurri genuela baino ez.

Ipuin hark kontatzen zuen bazela behin mutiko bat gardena zena, kristala, ura edo haizea bezalaxe. Jendeak ikus zezakeen haurraren bihotza odola ponpatzen eta haren ideiak buruan dantzan, arrainak balira bezala. Umea hazi egin zen. Lur haietako agintaria, ordea, ez zegoen ados jada gizon zen hark pentsatzen zuenarekin. Horregatik, kartzelan sartu zuen, hura kartzelaratuta, haren ideiak ere giltzapean sartuko zituelakoan. Baina, orduan, zerbait harrigarria gertatu zen: gizon hura bezalaxe, inguratzen zuten hormak garden bihurtu ziren, eta espetxe osoa garden bihurtu zen. Hala, guztiek ikus zitzaketen gizon haren ideiak. Azkenean, agintaria konturatu zen giltzapean ere, gizon haren ideiak bera baino indartsuagoak zirela. Egia inor baino indartsuagoa dela.

Ipuina Gianni Rodarirena da, Giacomo di Cristallo izena du, edo guk irakurri genuen bertsioan, Jaime de Cristal. Giacomo asko giltzaperatu dituzte betidanik gurean, ez gaitu horrek harritzen, baina bai larritzen.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.