KAKA 2.0

Erabiltzailearen aurpegia Miren Gorrotxategi 2019ko eka. 13a, 13:30

Miren Gorrotxategik Urola Kostako Hitza egunkariaren 'Puntuka' atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau:

"Hori ez ukitu, kaka da!" zenbatetan ez ote diogu esan ume bati. Zenbatetan ez ote digute geuri esan. Nazkazko "Aaaaajjjj" batez jarraituta, gehienetan. Helduarentzat kaka izan liteke: beste norbaiti edo haurrari berari eroritako gozokia, erabilitako kleenexa, lokaztutako harri txintxorra, asteburuaren ondoren lurrean geratutako kristal zatitxoa, zigarro punta, txikle likatsu bat…. Txikiak lurrean, eskura-eskura duen altxorra, gurasoentzat kaka. Umearentzat deskubritzeko dagoen mundurako atea dena, helduarentzat, kaka. Baita norbaiti galdutako jostailutxo bat topatutakoan ere. "Ez ukitu, auskalo norena den!".

Gero ez dakit zer pasatzen den. Haurrak kaka pardelean egiteari utzi eta komuna erabiltzen hasten den garaitsuan, esango nuke, kaka dena eta ez dena bere kasa bereizteko gaitasuna egozten diegu. Horrelaxe, egun batetik bestera. Sasoi horretatik aurrera, gutxi gorabehera, euren munduaren aurkikuntza ez da jada zoladuratik zentimetro gutxitara ematen; parkeko lurzoru ia infinituaren mugak ez dira jada haien unibertsoarenekin bat etortzen. Haientzat ere mundua esku-ahurrean kabitzen da. Eta gigabytetan neurtzen. Izan ere, jada pardelik ez badarabil, bere ipurdia garbitzeko gai bada ─nola hala─, pentsatu duzu smartphona edo tableta erabiltzeko kapaza ere badela. Eta, a ze nolako bakea ematen duen segundo- minutu-ordu horietan! Auskalo ze ikusten dabilen! Pornoa ez den bitartean! Youtuben ibiliko da. Mundurako haien leiho ia bakarra, behin pantailatxoa eskuetan, Youtube baita.

Jarraitu iritzi artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.