Nola zaude, lagun, nola zaude?

Erabiltzailearen aurpegia Miren Gorrotxategi 2019ko urt. 17a, 12:00

Miren Gorrotxategik Urola Kostako Hitza egunkariako Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau:

Bukatu berri den urtearen azken aldera, Isabel Celaák adierazi zuen irakasleak ebaluatzeko sistema ezartzeko asmoa aztertzen ari direla. Ez da hori iragartzen duten lehen aldia, baina, agian, bai azkena; izan ere, lehenengo edo geroago, seguru, ezarri egingo dute. Noiz edo noiz irakasle gehienok galdetuko genion geure buruari, nik uste, irakasle onak ote garen. Erantzuna jakiteko, galdera sinple bat egitea besterik ez omen dago: zeure klaseetako batean gustura egongo zinateke? Ez da galdera makala. Aurreko batean, betiko lagun batekin hitz eta pitz, txikiak gineneko irakaslerik onena zein zen beretzat galdetu nion. "Joxe apaiza" erantzun zidan duda zipitzik gabe. Baita neurea ere.

Aspalditik ez dut kristau erlijioarekiko deboziorik. Egia esan, duela asko apostatatu nuen, ikaragarrizko pereza emango ez balit. Aditz trinko eta perifrastikoek nire ikasleengan duten eragin bera izan zuten, ziur asko, Joxeren erlijio klaseetako edukiek nigan. Baina, hala ere, zalantzarik gabe diot nire irakaslerik onena bera izan zela. Izan ere, zer da irakasle ona izatea? OHOko azken urteetan lau katu ginen Joxerekin erlijio klaseetara joaten ginenak. Garai hartan, Etika ikasgaia hautatzea zegoen modan, "etika" horrek zer esan nahi zuen gehienok arrasto handirik ez genuen arren. Baina helduagoena zirudien ikasgai hark, edo guayagoa, behintzat. Nik segurura jo nuen, Joxerengana. Erlijiorako hautatuoi Joxe bila etortzen zitzaigun gelara, liburutegiraino joaten ginen gure artzaina aurretik genuela, eta haren klasea ziztu bizian pasatzen zitzaigun. Akordatzen naiz mila eta bat galdera txatxu egiten genizkiola, eta irakatsi nahi zigun hura irakasteko tarte handirik ez geniola uzten. "Joxe, baina haur jaioberria hiltzen badago, eta lehenbailehen bataiatu nahi badugu, eta eskura urik ez badugu... Kas Naranjak balioko luke?". Deabruaren konplize lanetan ere aritzen ginen: "Ikusi irabazi dudan kromo honetako neska hau, Joxe! Ez da polita? E, Joxe?". Pazientzia handiz gure galdera aldrebesenei ere ahotsik altxatu gabe erantzuten zien. Ez dut uste programazioa amaitzen inoiz utzi genionik. Horregatik diot, ez dakidala Celáaren ebaluazioa pasatuko zukeen. Baina lelokeriarik handiena esanda ere, Joxek entzun egiten zigun, erantzun egiten zigun pazientzia amaigabez. Eta gu, haurrok, aintzat hartuak sentitzen ginen. Finean, maitatuak. Uste dut askotan gaurko irakasleok hortxe ateratzen dugula kalabazarik handiena. Egoskortzen gara geure baldintzak eta ahalerak irakasten, jakinaren gainean gelatik irten orduko, edo irteterako, gehienen burmuinetik ihes egingo dutela kontzeptu horietako gehienek. Baina tematzen gara geure gaitegia jarraitzen, programazioa amaitzen, finkaturiko helburuak betetzen. Irakats diezaiekegun garrantzitsuena hori balitz bezala.

Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.