'Piropoak? Ez, eskerrik asko'

Erabiltzailearen aurpegia Miren Gorrotxategi 2018ko ots. 1a, 13:37

Hoteleko harreran nago check out-a egiten. Egonaldi atsegina, harreragile adeitsua. Maleta polita dudala esan dit. Oh-oh. Hortik ez, txikito. "Ez da polita den bakarra, ez" jarraitu du. Eta ezin izan du bere barrurako gorde: "Zeu ere oso polita zara". Esan behar zuen. Botalarria. Eskerrak eman eta presaka alde egin dut. Neure buruarekin haserretu naiz segidan: eskerrak eman, gainera? Hi zanpana al haiz?

Metrora noa: jendez leporaino beteta dago. Gizon bat tokatu zait ondoan. Bagoia zertxobait hustu da, baina niri nahiko pegatuta jarraitzen du tipoak. Eta garraio publikoetan neskei ukituak egiteko aprobetxatzen duten horietako bat bada? Lasai, neska, hiri honetako gizon guztiak ez ditun eta lerde-jarioak izango! Baina seigarren zentzumenak esaten dit argi ibiltzeko tipo horrekin. Urduri nago, edozein momentutan oihuka hasteko pronto, gehiegi hurbiltzen bazait. Bihozkada dut, zerbait ez doa ondo. Urrundu nahi dut, baina bagoia maletadun bidaiariz beteta dago. Neurea jarri dut bion artean. Orain lasaiago nago. Bat-batean, bagoitik korrika irten da tipoa. Ez nau ukitu, ez. Ukitu ere egin gabe ostu dit ordea mobila, kabroiak.

Behin Erdialdeko Amerikara bidaia bat antolatzen ari nintzela, lagun batek —gizona bera— neure kasa zergatik ez nintzen joaten galdetu zidan, neu bakarrik. "Neska naizelako" erantzun nion. Ez zen erantzun zuzena izan: erantzun behar nion Estatu Batuetan gizon igeltseroek piropo lizunak bota dizkidatelako, Marokoko eta Tunisiako gizonei "hainbat gameluren truke erosiko zaitut" ateraldia askotxotan entzun diedalako, Italian gizonek kaletik pasatzean txaloak jo izan dizkidatelako, herrialde horretantxe behin putatzat hartu nindutelako, baita Frantzian beste behin ere. Jarrai nezake zerrenda luzatzen bisitatu dudan herrialde bakoitzarekin. Eta gurean? Hemen ere zakurrak oinutsik, baina beste baterako utziko dut hori.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.