Nola aldatzen diren gauzak, kamarada!

Erabiltzailearen aurpegia Miren Gorrotxategi 2017ko aza. 2a, 14:10

Miren Gorrotxategik honako iritzi artikulua idatzi du Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean:

Igande iluntzea, Donostiako Tabakaleran, Mourir à trente ans film dokumentala ikustera joan gara. Laurogeiko hamarkada hasierakoa da, neu bezalaxe. Zuri-beltzeko irudi ederrak, Mozart, Rossini eta Bizeten musika are ederragoaz lagunduta. Roman Goupil zuzendariak bere lagun Michel Recanatik izan zuen bizitza laburregia kontatzeko aitzakian, belaunaldi oso baten aldaketa-nahia ederki irudikatzen digu. Hunkitu ninduen film hasieran agertzen ziren nerabe haiek zuten arte-goseak. Izango zituzten beste grina batzuk ere, baina dokumentalak erakusten duenez, nerabezaro hasiera hartan film amateurrak sortzea zen euren zeregin gustukoena, Goupil buru zutela. Nerabezaroa aurrera, artean gaztetxo ageri den arren, Goupilen bizitzan politika sartzen da, eta, harekin batera, Recanati. Troskista sutsuak dira bi mutikoak. Adin nagusitasunera iristen ez ziren mukizu haiek politikan zuten konpromisoa, parte hartzea eta lidergoa harrigarria egiten zaizkit egungo ikuspuntutik, eta miresgarria mundu berri batekiko zuten ametsa. Bizi zuten testuinguruak eragingo zuen, noski: Vietnamgo gerra, 68ko Maiatza… Baina ezinbestean egungo gazteriarekin konparazioak egitera eramaten nau. Egungo nerabeek dituzten kezkak oso urrunak iruditzen baitzaizkit haiek zituztenekiko. Jakin nahi nuke troskismoa edo 68ko Maiatza zer diren zenbatek dakiten. Vietnamgo gerraren ezagutza, berriz, Hollywoodeko filmei zor diegu.

Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzan.