Oroimena

Erabiltzailearen aurpegia Miren Alcedo 2016ko abu. 24a, 11:08

Aurreko egunean lehengusuari hots egin nion eta emakume ezezagun baten ahotsak erantzun zidan: "D. Luis no está en casa y la señora tampoco". 

Luisito lehengusua, Labe Garaietako Santiago peoiaren biloba, 36ko gerra ondoren iraultzailea izatearren, lan-esparru batean zigortutako Raimundoren iloba, D. Luis bihurtu da. Luisitori gurasoek ez zioten azaldu gerra ondorengo gosetea ezagutu zutenik; ezta gure familia, beldurtia izan aurretik, gorria izan zenik ere.

Berak ez daki ezer, ergeldu zaigu baina ez da bere errua, transmisio arazoa izan da. 

Oroimena ez da iraganeko kontua. Oroimenak gure identitatea eraiki du: Gutaz dakiguna garelako. 

Oroimena da gure etxea. Eta etxe guztiak ezberdinak diren eran, oroimen batzuk pobreak dira, hornitu gabeak; beste batzuk, aldiz, liburuz eta erretratuz beteak. Etxe batzuetan ez da ia inor bizi; beste batzuetan senide eta lagun asko daude hainbat gelatan. Errealitatea ulertu ezin dugunean, etxera erretiratzen gara, eta han, oroimen armairua irekin, saiatzen gara mundua ulertzen. 

Pasa den asteazkenean Donostiako epaitegiaren aurrean Pasaiako sarraskia gogoan izan genuen. 1984an lau gazte Poliziak harrapatu eta fusilatu zituen epaiketarik gabe. Ez zen justizia egin diktadurak segitzen zuelako. Halabeharrez, senideek justizia eskatzen jarraitzen dute, gaia itxi duen epaitegiaren aurrean. Gai batzuk bizirik mantentzea deserosoa da, batez ere "kontaketa" hegemonikoa eraikitzekotan. 

Eta arma bakarra dugu: oroitzea. Gure ondokoei eta gure buruari behin eta berriro kontatzea gertatu zena nola bizi genuen. 

Historia ezagutzea saihesten duela akatsak errepikatzea esan ohi dugu. Ez dut uste hala denik, baina behintzat, zeintzuk garen jakitea lortzen dugu. 

(Abuztuko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau).