Jende normala

Erabiltzailearen aurpegia Miren Alcedo 2015ko uzt. 21a, 11:34

Bi mutil eta neska bat parkean. Mutil batek neskari: zu azpeitiar normala zara, jende normalarekin joan zaitezke, zergatik zoaz arrarito horiekin? Neskaren erantzuna: nire lagunak direlako.

Gero, neska bat azaldu zen, lehen arraritoa. Mutilak joan ziren. Eta beste bi arrarito gehiago ailegatu ziren: bata azal ilunekoa, bestea ekialdekoa. Haien izenak, exotikoak. Guztiak, euskaldunak. Kezka sortu zitzaidan: Ba al dago intolerantzia Azpeitian? Eta zalantza: zer da arraroa, zer da normala izatea?

Bizitza osoan gure portaera eta burutazioak normalak direla pentsatu ohi dugu. Baina guztiok gara berezi samar eta, batzuetan, guztiok saiatzen gara berezitasun hori ezkutatzen edo nabarmentzen.

Babes taldeetan bizi gara. Gure arbasoek, ugaztun ahulak zirenez, ezezagunekiko beldurra garatu zuten. Horrela, taldekideengandik urruntzen zituen guztia baztertzera jo zuten. Eta taldera hurbiltzen gaituena portaera normala deitu zuten. Beldurrak eraiki zuen gure gizartea eta beldurrez josita jarraitzen dugu. Beldurretan oinarritzen dira arrazakeria eta fobia guztiak. Moromierda, putochino, beldurrak asmatutako gaurko irainak. Ikasgelan gay dela esatera ausartzen den nerabea zigortzen du besteen beldurrak. Beldurrarengatik neska batek ez du esaten irakurtzea gustatzen zaionik eta mutil batek sentibera dela ezkutatzen du.

Beldurra txikitatik ikasten dugu. Familia jakin batean jaiotzeak markatzen dizkigu  gure lehen pausoak, munduan bizitzeko gida eraikitzen digu. Gure familiaren ekarpen kultural handiena esaera zaharren bilduma eta aurreiritzi-zama omen da. Egia esan, ezin dugu aukeratu non jaio, zer herritan edo zer familiatan, baina zeinekin egon nahi dugun, baita beldurrez bizi edo jasotako eskema guztiak berrikusi nahi ditugun hauta dezakegu.

Zer nahi dugu Azpeitirako: lagun bereziak eta askeak edo lagun arruntak?

Uztaileko Uztarria aldizkarian kaleratutako artikulua.