Azpeitiko Corrugados nazionalizatu!

Erabiltzailearen aurpegia Mirari Bereziartua 2013ko api. 3a, 12:37

Urola bailara bihotzean jotzen ari dira Corrugadosekin. Behin eta berriz Euskal Herriko ondare ekonomikoa espainiarren golkora doa. Hori gertatu zaigu Iberdrola eta BBVArekin. Espainiarrak jan eta gu herri kolonizatu bezala menpean jarraitzeko erabilgarriak bihurtu dituzte. Adibidez BBV, Argentaria baino askoz ere handiagoa zen, baino Argentariakoek agintzen dute gaur egun bertan (Aznarren lagunak).

Corrugados auskalo zertarako erabilia izan den azken aldian. Ez behintzat gure herriaren ondare bihurtzeko bidetik. Gero negar egiteak ez digu balioko. Orain bilatu behar ditugu irtenbideak. Gaur egun etorkizuna jokatzen duten familiengatik eta Euskal Herriaren ondarea geuk eskutik eramatearen garrantziagatik.

Gallardok bere nazioaren alde egiten duen bezala, guk gurearen alde egiteko ordua da. Subiranotasuna geuk erabakiz egingo dugulako. Independentzia bitarteko bat baino gehiago giza eskubidea. Estatua berriz, bada bitarteko bat eta estrategikoa gainera gure herriak izaten jarraitzeko. Geure garapen iraunkorra bermatzeko. Beraz eskubideaz baliatu eta bitartekoa gauzatzen hasteko ordua dugu.

Norbaitek emateko zain egon behar al dugu? Oso egoera zailetan, aspaldidanik gure aldetik egiten ari gara hainbat proiektu. Gizarte zibilak ondo demostratu du behin eta berriz  gure egitura politikoa indar militarrez kendu arren, "bagenu" bezala funtzionatzeak balio izan digula. Kontzientzia erne eta gogoari tinko eutsiz, hirugarren milurteraino etorri gara bizirik!

Nafarroa Garaiko Mendaza herrian 1200 urteko hiru oineko artea bezala. Artea izatea ez zuen berak erabaki. Jaso zituen ezaugarrien arabera bereizten da beste guztiengandik  eta artea izenaz  ezagutzen da eta bizirik dirau, ondo sustraituta, etengabe elikatzen asmatu du eta etengabe kimu berriak ematen. Euskaldunok bezalaxe. Aurrekoengandik jaso dugunaren arabera gara garena, eta izaten jarraitzeko, erabaki eskubidea daukagu, giltzaperatuta bagaituzte ere. Nahi badugu bakarrik egingo dugu aurrera, Garena ondo sustraituz, egunerokotasuna biziberrituz eta  etengabe kimu berritzeko geure erabakiz elikatuz, Izan, bagara. Geure Estatua  berreskuratzea ez dakigu noiz lortuko dugun. Nola bai. Geuk eginez. Egiten dugunaren emaitza izango delako. Ez zaigu, ibilbidearen hasieratik, egitea justifikatzeko, euriarekin batera eroriko. Egiten hastea bera da, lorpena. Eta hori etengabeko lana izango da gainera, bizirik dabiltzan estatuak bezalaxe.

Daukagun egoeratik erabaki, egiturak asmatu eta egitean daukagu giltzarria. Gizarte zibila antolatzen joan da konkista ondoren geure herriak izaten jarraitzeko: Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia, geure eskolak diren ikastolak, geure alderdi abertzaleak, geure gobernua , geure sindikatu abertzaleak, industria sare indartsua, ekonomia sozialaren eredu den kooperatiben sarea, hedabide propioen enpresa sarea, kultura eta kirol proiektuen euskalgintzaren sare zabala juridikoki egituratua. Azken ehun urtetan sare indartsua egituratzen joan gara. Beraz, entrenamendua badugu oraingo krisiari ere geuretik irtenbide propioak  asmatzeko, inork baimentzea itxoin gabe.

Zergatik ez ausartu Corrugados  nazionalizatzen? Nafar ikuskera ipintzen badiogu gure historiari, herri honen bereizgarri bat izan da, eta da, egitura politikoak herriaren zerbitzura aritzea. Mendeetan ekin diogu, agintariak herritarrok ipini eta kentzeari. Ez alderantziz inguruko herrien historian azaltzen den bezala. Beraz, herriaren aginduz, politikoak martxan ipintzea legoke, beste batzuk zer egin erabakiko duten zain gelditu gabe. Gainera, beste Estatuen erabakien zentzua beraien etxea eraikitzea dela kontuan izan da, sarriegi gure kontura, behin ere ez geurea eraikitzeko.

Geure Estatuaren alde egonik une egokia da krisiari ere irtenbide berriak geuretik ematea bilatzen hasteko.

Ondo legoke, benetakoak  izan arren dauzkagun arazoak, etengabe horretaz aritu beharrean, aldaketa egin eta soluzio berriei begira gure indarrak inbertitzea, subiranotasuna geure soluzioak bilatuz egingo dugulako.