Ilusio kontua ote?

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Astigarraga 2015ko urt. 21a, 12:28

Atzo goiz jeiki nintzen, goizegi beharbada, herenegun, San Sebastian bezpera, Azpeitiko plazan ikusi nuenak loa kendu zidalako.

Azken urteotan kanpotik ikusi izan dut danborrada. Aurten talde asko eraberrituta ikusi ditut: jende gaztea, zuzendari berriak, generazio aldaketak nagusi.

Talde baten erdian koadrilako neska bat ikusi dut danborjole, berrogeita hamabi urte eta gero, bizi guztiko ametsa betetzen. Ilusio kontua nonbait, zorionak Esther! Alboan, semea lehen aldiz atera zaion emakume baten ilusio berezia ere sentitu nuen.

San Sebastian, Soreasuko... eta Landeta-Egizale, Gure Ametsa eta Kanpaxa-ren berrogeita hamar urteko ibilbidearen ospakizuna, redobleak, ohiuak... Polita benetan. Aurten dena zegoen alde: koloreak, jendea, pankartak, ateri egin zuen, dena ezin hobeto.

Poliki-poliki gauak aurrera egin zuen atabal hotsen artean, eta iritsi ginen aurtengo berezitasunera, Gure Esku Dago ekimenaren kantara.

Jakitun nintzen ez zela kantu erraza atabalez jotzeko, ez dela erreza egurren eta narruen txandak bereiztea, baina ez nuen dudarik ilusioak gainditu ezinezkorik ez zela izango.

Herri libre batean, herri libre bateaaaaan (egia esan ahotsak ez ziren asko entzun), eta Gure Ametsa geldirik, Kanpaxa geldirik. Hamar minutu lehenago danborjole guztien redobleak eta aipamenak jaso zituen taldea geldirik. Egiari zor, taldeko danborjole batzuek jarraitu zuten kantua eta bejondeiela!

Ez ezazue dudarik egin, zuek orain berrogeita hamar urte edo ikurriña atera zen egunean, jo zenuten gogo eta aldaketarako ilusio berberarekin jotzen dutela gaurko gazteek, eta bizitzak berak bezela, danborradak eta herriak ere aurrera egingo dutela, beren gorabehera guztiekin, beti bezela.

Ilusioa galtzen denean uztea bezelakorik ez da izaten. Gure Ametsak ez du hau merezi eta Azpeitiak ere ez.