Soka luzean

Pasaia

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2023ko mai. 18a, 09:00

Miel Anjel Elustondok 2023ko apirileko Uztarria aldarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa.

Deklaratzera etorriko omen dira. Inputatu egin dituzte. 40 urtean ezer esan ez dute, eta epailearen galderak jasoko dituzte. Besterik da erantzungo dituzten. Zeharo flako dute memoria, edo, ogroak errekuperatu zizkigun klasikoen estilora esateko, memoria dute gatibu, flako eta lotua egia esan behar denean. Orain dela hamaika urte ere galdetu zietenean, geuk ere gustura esango genukeena esan zuten, ez zirela akordatzen, alegia. Eta orain ere antzeko esan dute, ez direla ia ezertaz akordatzen. Urte asko joan direla. Operazioa peligro handikoa zela esan zietela, parapetoan ondo ezkutatuta egon behar zutela, tiro egiteko prest. Ez dakitela zeinek egin zuen lehen tiroa, baina tiro hura aditu, eta zaparradaz josi zutela zodiaca. Ez dakitela zer etorri zen gero, ez direla akordatzen. Barkatzeko, baina urte asko direla. Emakume bat lehorrean zeukaten ala ez, zodiacekoei lehorreratzeko seinaleak egiten, ez dakitela. Zodiac hartan zenbat lagun zetozen, ez dakitela. Tiroketa bat edo bat baino gehiago izan ziren, ez dakitela. Hiru pertsona harkaitzetan tente, eskuak buru atzean eduki zituzten galdetu, eta ez dakite. Ez dira akordatzen. Erregelamenduzko armak edukita ere, zer dela-eta zeuzkaten gorpu batzuk eskupeta tiroak, posta galaraziak, ez dakite. Garondoko tiroak. Ez dakite. Harkaitzetatik tiro egin bazuten, zer dela-eta zeuzkaten gorpuek bertatik bertara egindako tiroen arrastoak. Ez dakite. Epaileak gorpuak altxatu baino lehen, tokiz zeinek aldatu eta eraman zituen handik kilometrora, ez dakite. Harkaitzetako odol arrastoak zeinek garbitu zituen. Ez dakite. Hildakoak zenbat izan ziren. Ez dakite. Eta Pasaiara inoiz itzuli diren. Ezetz. Euskal Herrira lanera baizik ez direla etorri izan, gerrara, gerra zikinak eskatzen dituen lan zikinak egitera besterik ez. Ez dutela inor inoiz odol hotzean hil. Eta hil badute ere, ez direla akordatzen. Memoria dutela gatibu, flako eta lotua, 1984ko martxoaren 22ko gau hartan Pasaiako badian zeudela, baina ez direla akordatzen.