Soka luzean

Hil arte bizi

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2022ko api. 9a, 08:46
(Irudia: Pixabay)

Miel Anjel Elustondok 2022ko martxoko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Igandea zela gogoan daukat. Whatsappa Irene markinarrak Durangotik. "Azkenetan da". Hila zen hurrengo egunean. Arraioa, eta hura mina! Kaxildo. Bilbon hil zen, Getarian lurperatu zuten, eta hantxe da, mahasti artean, itsasoari begira betiko. Gizon gozoagorik, nekez.

Handik laster, beste lagun baten txanda. Zuberoan. "Bat-batean hil da". Ekaitz ari zitzaidan idazten, Iruñetik. "Baina nola bat-batean hil dela? Oraintxe astebete feizbuken genbiltzan eta, Madalena gaindi mendi-itzulia egin behar genuela esanez!". Allande. Harexen bidez heldu nintzen Ospitalepera, alemanek Zuberoan egin zituzten txikizioak ezagutzera, kontzentrazio eremuan hildako Amelieren historia, eta zorionez, handik bizirik atera ziren Lasserre ama-alaben berri jakitera. Sü Hazia elkartea. Pastoral bat ez, Altzürükün bi ere egin zituzten historiara. Eskuzabala, jakintsua, alegrea. Addio, baina ez addiorik.

Hurrena, whatsappa berriz, jaia berriz ere. Iñaki, Galdoxenekoa. "Azkenetan". Nekane hilzorian. Arraioa. Pandemia atarian hitz egin nuen harekin azkena. Aramaioko etxera bidean harrapatu nuen. Minbizia izana zuen, gorriak ikusia ere bazen, baina "ondo" zegoela esan zidan, gaizki egon zela, baina ondo zegoela. "Azkenetan". Hila zen hurrengo egunean.

Bata bestearen atzetik, kolpe eta kolpe. Eta Kaxildori eder zitzaion garai bateko elizako, sasoi bateko mezatako Agur Jesusen ama hartu eta harexen doinuan hasi nintzen bertsoak jartzen, neure burua kontsolatze aldera. "Bertsoak ari dira zeruan debalde / airean hegan datoz, kantuz haren alde / hura izan zelako bizion maitale / maite zintugun maite, maitea Nekane". Maite genuen Kaxildo, maite Allande, maite Nekane... Maite genituen bizia erregalatu ziguten adiskideak eta lagunak. Kaxildo, Allande, Nekane. Prest gaude, baina ez preparatuta, aurten ondotik joango zaizkigunak agurtzeko. Mina berriz ere. Joko gaitu berriz ere. Bat-batean. Zernahi egiten ari garenean, whatsappak igande eguerdian jotzen duenean. "Azkenetan". Hil arte bizi. Ez da gezurra.