Soka luzean

Ongi etorri

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2021ko mar. 15a, 08:16

Miel Anjel Elustondok 2021eko otsaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau..

Ongi etorri Auschwitzera. Hitzok aditu dituzu, baina ezin sinistu duzu. Auschwitz. Etxetik atera zaituzte, ganadu bazina bezala sartu zaituzte tren bagoietan, metrailetaz armatutako SSak inguruan dituzula, eta orain, ongietorria eman dizute. Horratik ere!

–Rudolf Hoess komandantea nauzue. Neuk agintzen dut hemen. Irakurri duzue atean: "Lanak libre egiten du". Ikasi hori, sartu zeuen burutzar handietan. Lehenengo ikasgaia duzue, ikasgai bakarra. Ez duzue besterik ikasi behar. Akaso, oraindaino arte ikasitakoak ahaztu beharko dituzue. Bitartean, gogor lan egin. Gogor lan egin, agintzen dizuetena zuzen bete eta libre irtengo zarete. Kontra egin, eta larrutik pagatuko duzue.

Hoess delakoak ez du askoz gehiago esan. Hainbestean bukatu da ongi etorrizko ekitaldia.

Eta hasi da festa. Mahai batzuk jarrita daude han nonbait, aurrean, eta haraxe joan behar duzue preso guztiok, ilaran. Mahaien atzean, pijama arraiadunak jantzita dituzten beste zenbait lagun, soldadu alemanen uniformerik gabe, hala ere, presooi paper txiki bana ematen. Nire txanda etorri da eta, gainerakoei bezala, izena galdetu didate, izena kendu, helbidea galdetu, helbidea kendu, lanbidea galdetu, lanbidea kendu, gurasoen izenak eman, gurasoen izenak kendu...

Ordainetan, zenbaki bat eman didate: 32407. Hura hartu eta beste ilara batera agindu didate. Txanda etorri zaidanean, SSetakoek papera kendu didate eskutik, jaka moduko bat sartu didate burutik behera, eta mahai gainean jarrarazi didate ezkerreko besoa. Ezin sinetsi dut ikusten ari naizena. Orratza hartu eta 32407 zenbakiak eskribitzen ari zaizkit azalean, bost zenbakiak banan-banan eta bata bestearen atzetik. Orratza arin mugitzen da, mingarri ere bada. Ez du luze jo, segundo batzuk besterik ez. Gehiago irauten du schockak. Besoari heldu diot, zenbaki markatu berriei begira. Inoizko lehenengo tatuajea dut, baina, aukeran, nahiago nukeen batere gabe ibili. Bizian inoiz ez zaidala kenduko pentsatu dut.