Koronabirusa Azpeitian

Hiltzeko zorian

Erabiltzailearen aurpegia
(Itziar Aranguren)

Miel Anjel Elustondok 2020ko ekaineko Uztarrian aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Hau da konfinamendua
hau da konfinamendua
a zer atarramendua
zeruaren antzik ez du
lurrean da infernu.

Birusak jo zuela jakin genuen halako batean. Herrian herrikoak lotzeko erabiltzen dugun guasapean jarri gabe ere, jakin genuen. Ez dago misteriorik, ez detektibe ez ikertzaile lanik: haren emazteak jakinarazi zigun. Birusak jota zeukala Julen etxean. Ekuatoretik etorri berri ziren, besteri laguntzera, mundua salbatzera, harainoxe joanda. Nahiz eta hemen ere baden makina bat mundu, salbatzeko egoeran dagoenik. Ekuatoretik itzuli eta berehala, birusak jota gizona. Eta nola lehenago ere gorriak eta bi ikusiak dituen Mirenen gizonak, eta nola 70 urte betetzera doan, eta nola sekula ez den gaixo ona izan, eta nola bere gorputza ondo mailatua duen... kezkatan ginen. Ez ginen errezatzen hasi, aspaldi ez dugulako errezatzen, gurean batzuek ez dakite jakulatoriarik esaten, baina estututa ibili ginen. Konfinamunduaren hasieran izan zen.

Hau da konfinamendua
hau da konfinamendua
zertarako momentua
gaitza geldiarazteko
primerako inbentua.

Etxean zegoela esan zidan Xabierrek. Irene bajan zegoela. Gaixorik. Eta nola urtean zehar harremanetan naizen Irenerekin, emailua bidali nion, inpentsan, erantzunik ote zetorren. Bai etorri ere, betiko moduan. Xabierrek esandakoa, etxean zegoela, bajan. Eta zer zuen galdetu nik, eta antsietateak jo zuela, berak. Antsietatea. Eta zerk ekarri ote zion, bada, horrelako gaitza. Eta berak ere ez dakiela. 47 urte ditu, ezkongabea, bakarrik bizi da. Bakarrik ez, "landare pila bategaz", markinarra da Irene, aitortu zidan. Eta, horrela, konfina joan eta mundua etorri, egunero gabiltza guasapean ping eta pong-ean. Nik "zelan gaur?", eta "ederto!" berak, eta beste zenbait kontu hemen ipintzea komeni ez dena, gero odolkiak ordainetan izaten dira eta.

Hau da konfinamendua
hau da konfinamendua
hutsik dut pentsamendua
munduan ditugun gaitzak
sendatzeko ukendua.

Mezua bidali zidan Rikardoren alabak. Durangon ezagutu nuen lehengo urteko Durangon. Ferian. Zer zela eta zer zela, eta alabaren sakelakotik egin zigun argazkia aitak Garaziri eta bioi. Hurrena, erretratua txintxo-txintxo bidali ere bai Rikardoren alabak niri, eta horrelaxe lotu gara hirurok. Eta, orain hurrena, mezu horixe Garazik, bihotzekoak jo zuela Rikardo, ospitalera eraman zutela, larri, larrialdietara, eta ebakuntza egin behar ziotela, hiltzeko zorian izan zela. Eskapada ederra. Bi arteria itxita omen zeuzkan. Egin zioten ebakuntza, behintzat, eta libratu da gizona. Bertsolaria, gainera. Ez nolanahikoa. Arabako bertsolaritzaren historia eskribitzen hasten direnean, hantxe agertuko dira bi izen, guztien gainetik nabarmen: Abel, eta Rikardo.

Hau da konfinamendua
hau da konfinamendua
beste bat argumentua
esanak esanagatik
dugu konfinamundua.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide