Orro

Erabiltzailearen aurpegia da hau Miel A.Elustondo | Iritzia
2020ko api. 20a, 08:16

Miel Anjel Elustondok 2020ko apirileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

(Itziar Aranguren)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Uste dut herri osoa bildu zela kanposantuko Abitainen. Barruan, esate baterako, ez zegoen denontzako lekurik, ez ginen sartzen, bata bestearen kontra-kontra egonda ere. Zer zen hura, bada! Jendez bete-betea barrua, eta, hala eta ere, jende mordoa kanpoan. Eta, bestalde, autoak, aldaparen alde batetik eta bestetik kanposanturaino etorritakoak.

Geu ginen protagonista egun hartan. Hildakoa, berez, baina oraindaino arte hildakoek ez dutenez ezer esaten ikasi, geu hileta egun hartako izar. Alfonbra gorrian bagindoaz bezala, jende ilara ezker-eskubi bide bazterrean, tente, eta baten batzuk autoen barruan, eta gu paretik pasatzean haiek denak burua makur, errespetua erakutsiz bezala, nahiz eta nik ez dakidan norentzat zen errespetu hura, guretzat, hildako senideontzat, edota hildakoarentzat. Oso gauza arraroa zen, azken juizioko eguna ematen zuen hark, eta Abitainek, berriz, Josefateko zelaia. Herri osoa etxetik atera zutela zirudien, turuta hotsez atera ere, hantxe bildu zirela denak. Beldurra ematen zuen. Akordatzen naiz emakume hura ikusia. Karmele. Andrearen lagun mina. Tente zegoen, auto baten kontra, bere gizonezkoaren ondoan. Haur eder bana zeukan besoetan hartua. Bikiak. Handiak, haurrak, ama bezain handiak ematen zuten. Titia ematen ari zen, eta emateko prestatzen, brusako botoiak askatuta zeuzkan, behintzat, eta haurrak ere bat ezkerreko errapera, bestea eskubikora ari ziren. Baina ez zuten asmatzen, eta, amak ere, segizioari begira, geldi, ez zituen haurrak titietara eramaten, eta hankagorriek, bitartean, ez zuten makakorro eta mugimendu bihurriak egiten besterik. Titietara ailegatu nahi. Ama, beti geldirik, beti burumakur, mundu guztia bezala.

Esportatzeko lain

Kanposantuko ateak pasatu genituenean, hilobira zuzendu ginen. Ondoan nituen Arantxa eta Joakin, joan eta jakin, eta Igor eta Garazi, joan eta ikasi, hilobiaren aurrean. Orduan, errespontsua errezatzen hasi zen abadea.

Eta ez dakit zen On Juan, On Lorentzo, On Bartolome, On Jabier, On Jose... hainbeste abaderen artean ez dago-eta erraz jakiten. Zenbat abade, eta moja, gure herrian! Erregalatzeko lain. Esportatzeko lain, esan nahi dut. Eta, egia esan behar bada, horixe egin genuen urte askoan, abade, fraide eta mojak esportatu. Hortik ikasi genuen burdina, makina eta erreminta eta beste gauza asko ere esportatzen.

Eta dena delako abadea errespontsua errezatzen hasi zen, eta kantuan "Piztu da Kristo, aleluia, gu baitan dago, aleluia", "Hau da Jainkoaren bildotsa, Kristo Jesus, heriotza zapaldu zuena", eta berak beste inork sinesten ez zituenak esaten, hobeto daudela hildakoak biziak baino, eta hau eta hura, ezin isilduan, gauza sakonak esaten ariko balitz bezala, eta korukoak ere kantatzen, Putxiniri, edo Xuberti, kasurik egin gabe, eta... ez zen ederra. Orro egin nahi nuen kanposantuko Abitainen.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu