Bagdadekoarena Azpeitian

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2020ko mar. 11a, 09:21
(Itziar Aranguren)

Miel Anjel Elustondok 2020ko otsaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Bazen behin, Gasteizko hirian, bere buruarentzat ez beste inorentzat lan egiten zuen mutil izandako gizonfardel bat. Egun batez, goizean goizik, etxetik irten eta Azpeitira abiatu zen, Kanpaxa, Inaxio Mari Olarte, Mertxe Urrestilla Lapatxenekoa eta beste zenbait perla elkarrizketatzera, horixe baitzuen lanbide eta ofizio mutil izandako fardel hark: honi eta hari galderak egin, erantzunak grabagailuan bildu, etxera itzuli eta hitz haiek paperean jarri; ondoren, gatz pixka bat eman eta publikatzen zituen.

Horrela, Azpeitira ailegatu zen goiz hartan. Autoz joan zen Gasteiztik Azpeitira, lau erroberakoa astotegian uzten saiatu zen, alferrik, dena beteta baitzegoen, garai batean astoz bezala, autoz orain. Orduan, Zelai Luzen behera jo zuen, Enparan dorreraino. Harako Posadas hura hil zuten parajeari begiratu, beti egiten zuen moduan, Arrutineko etxeko paretan ageri ziren bala-zuloak ikusten saiatu, Arauntza elkarteari ere begiratu, eta Eroskin aparkatzea lortu zuen, parkingean gora igota. Orduan, Errabalera, Zentenario aldera nahi izan zuen, gaztetan behin eta berriz eta askotan egin izan zuen moduan.

Baina goiz hura ordura artekoak ez bezalakoa izan zitzaion, goiz hartan gizonfardelak Herio ikusi zuelako Enparango zubian, juxtu-juxtu berak pasatu behar zuen lekuan! Eta Kanpaxari, Inaxio Mari Olarteri eta Mertxe Lapatxenekoari egin behar zizkien galderak buruan bor-bor zebilzkiola, larri konturatu zen Heriok keinu egin ziola. Gizonfardelari ondoeza egin zitzaion Herio Enparango zubian ikusita, eta, beldurrak airean, gizonfardelak ipurdiz aldare egin eta Joanes XXIII kalera jo zuen, Iñaki koinatuarenera. Baina laster konturatu zen koinatua lanean izango zela, han zulo, hemen zulo, non edo nongo obran etxeginen. Iloba, berriz, Ibai... hura zepoan harrapatuko zuenik ez zuen ezagutzen! Osabaren ezpal onekoa izan!

Orduan, gizonfardela Enparango bibliotekara sartu zen, laguntza eske. Hantxe ikusi zuen Mariaje, aspaldiko laguna, eta harixe agertu zion bere ondoeza, estu eta larri, hitzak bata bestearen gainetik: "Egunon, Mariaje. Elkarrizketa batzuk ditxinat eginkizun Azpeitian: Kanpaxa, Inaxio Mari Olarte, Metxe Lapatxenekoa... baina Herio ikusi dinat hortxe bertan, eta keinu egin zidan, eta izuak hartu natxin. Hemendik bertara izan dun, Enparango zubian. Etzakinat, bada, nik...". Eta Mariajek orduan: "Herio Enparango zubian? Joan deneko hogei urtean egunero lau aldiz ere pasatu nauk ni hortik, eta egundo ez diat ikusi! Goazen, lagunduko diat!".

Herio harrituta

Eta, horrela, bibliotekako lan petralak utzi, papera paperari beti, eta Enparango zubira abiatu ziren biak. Eta, egia, eta, efektibamente, hantxe Herio, lasai asko, Urrestillako sinberguentzako zubian iduri, Mariajeri ez baina gizonfardelari begi-begietara begira-begira. Laster hartu zion kargu Mariajek: "Hi, Herio arraio hori! Zer habil hemen? Gure laguna izutu dun! Zertan egin dion keinu? Urregorrizko lana egitera etorri dun herrira! Ezin al dun jendea bakean laga, ilundu arte bada ere!". Eta Heriok, orduan: "Barkatu inor izutu badut, baina harritu egin natxin bera gaur Azpeitian ikusteak. Gaur iluntzean Gasteizen hartu behar dinat hire lagunaren arima, eta munduan egingo duen azkeneko egunean ere lanean, eta bere bizitokitik hain aparte ikusteak harritu egin natxin. Hargatik egin zionat keinu, harrituta".