Aktibismoa

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2019ko abe. 17a, 09:51
(Itziar Aranguren)

Miel Anjel Elustondok 2019ko azaroko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Eta aktibismoa goizean goizago ohea egitetik hasten dela esan diot. Esaten diot behin eta berriz eta askotan. Baina bera ez da nire tipo honetako aktibista, beste klase batekoa den ere ez dakit oraindik, aktibista, alegia, telefonoaren aktibista porrokatua ez bada, behintzat. Badakizue. Egun osoa telefono teklatuan jo eta ke. Lagunekin. Omen. Beti lagunekin. Gurasoekin ez beste inorekin egun osoa, alegia.

Aktibismoa. Harrapazank haren aktibismoa. Telefono teklatuan, edo ordenagailuan. Lau eskuetara estudiatzen du. Edo lau begietara. Bi ditu liburu, koaderno eta institutuko lanetan, eta beste bi telefono edo ordenagailuan. Nota altuak nola ateratzen dituen ere ez dakit. Ni baino azkarragoa da horretan. Gaur goizean, ordenagailua lurretik jasotzen hasi naizenean, gailuaren azpian liburua zuela ikusi dut. Lurraren zutarriak, eman dezagun, titulua. Follet. Eta pentsatu dut lurraren zutarriak ez baina ordenagailuaren zutarriak izan zitekeela liburuaren izena, ordenagailuari lurretik eusten bezala dago eta.

Aktibismoa. Azterketa astea du institutuan. Egunero du zer edo zer, azterketa matrakaren bat. Badakizue, egunero dugu zer edo zer, ama etxean ez edo atte kanpoan. Eta biologia, eta matematikak, eta frantsesa, eta gaztelania, Tormesko itsu-mutila letu behar, guk orain dela ia 50 urte leitu genuen moduan. Mundua aldatu dela esango dute, eta aldatu da, baina ez gauza guztiak, horratik. Ez eskola, alajaungoikoa. Eta euskara azterketa ere bai, baina hemen ez du ezer leitu beharrik. Historia jakin behar du. Berari guztiz arrotzak zaizkion izenak jakin behar ditu, guk garai batean ikasi genituenak, ikasi behar ditu: Etxepare, Axular, Lazarraga, Joanes Etxeberri Sarakoa, Oihenart... Ezer leitzetik libre da, ezer kantatzetik zigortua. Garaziko herria benedika dadila. Euskara, jalgi hadi plazara. Euskaraldia egingo dute gero. Barrua hustua euskaraldia.

Adio euskara

Lehengo batean euskaldun berri batek Bilbon esan zidana. Euskaraldia, euskaraz hitz egiteko, baina zertaz hitz egin, mamiz hustu badugu euskara. Egunen batean PNVren kontra dauzkagun gauza guztien zerrenda egin behar dut. Eta behiaren karena baino luzeagoa izango dela ez dudarik egin. Zerrenda, alegia. Eta euskara irakasleak esan die mapa bat jarriko diela, Euskal Herrikoa, hala ere, eta puntuak seinalatuko dizkiela bertan. Ikasleek, puntu haiek adierazten dituzten herriak izendatu beharko dituzte, eta bertan bizi izandako, lan egindako idazlearen izena eman beharko dutela. Ez dira asko ere, esan dut: Etxepare, Axular, Joanes Etxeberri, Lazarraga, Oihenart... Eta horrela, XVI. eta XVII. mendeetako literatura likidatuko dute. Eta uste dut horixe dela hitza, likidatu, eta literatura likidatuz hizkuntza bera akabatuko dute, akabatzen ari dira, erritmo bizian. Adio euskara, adio liburuak, adio bertsoa, adio dantza, adio antzerkia, adio kantua, adio gure sustraiak. Ongi etorri inperialismoa, gure barrunbeetara barruraino sartua. Aktibismoa.