Turista

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2019ko aza. 11a, 09:54

Miel Anjel Elustondok Uztarria aldizkariaren 2019ko urriko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Donostia gustatzen zaio andreari. Donostia gustatzen zaio alabaren lehengusinari. Donostia gustatu ala ez, lagunekin bat egin, autobusa hartu eta Gasteiztik Donostiara joaten ikasi digu hamasei urteko alaba marimatrakak.
Udaran, Hernaniko kanposantuan lana egitea tokatu, eta, bueltan, alaba eta lagunak Donostian hartu eta Arabako aldera ekarri beharra gertatu zitzaidan. Gure marimatraka eta gainerako marimatrakak jasotzeko, ordea, Donostiako bihotzera sartu behar! Eta, kasu honetan, bihotzaren aurikula-bentrikuletaraino, hau da, Parte Zaharrera, portu are zaharragoraino. Eta jendea. Jende lamada. Bateko frantsesa eta besteko ingelesa, eta beti-betiko gaztelania, arrotzak gu geure herrian. Eskribituta utzi zuen poetak. Arrotzak gara geure herrian, arrotzak turisten erdian.

Ohituta geunden turistak ikusten Loiolan. Ipar Euskal Herriko frantses frantsestuen autobusen bat edo beste. Endredorik ez guretzat. Gauza bitxia. Turismo horrek ez on ez kalte egiten zigulakoan. Besterik da Donostiako pestea. Jendea jendearen gainean. Turismoa. Eta agintariak horrixe haize ematen, globoa ahal den eta gehiena puzten, putz eta putz eta harroputz. Eta inork esan gabe ere bistan dago hainbeste turismok onik ez dakarrela.

Geure buruen kalterako

Diote tamaina bateko neurriko turismoa egokia dela landa eremuetan. Ez, prexixo, gure herrian, hor. Hemen. Azpeitian, alegia. Baina herri txikiagoetan. Bertako jendeari bertan gelditzen laguntzeko bidea izan omen liteke turismoa. Lanpostu batzuk sortzeko, adibidez, langabezia tasa altua denean, batik bat. Hala ere, turismoaren alde itsu-itsu jokatzeak, halaxe jokatzen dute-eta Donostian eta Bilbon eta Zarautzen eta Hondarribian eta Lekeition eta eta eta... arrisku handiak ditu. Lana sortzen omen du. Egun batean lanean hasi eta hurrengo egunera artekoa. Esateko moduan. Oso epe motz eta jakinekoa. Letu dudanez, berriz, turismoan lanean hasten diren gazteek sektore produktibotik behin eta betiko aparte geratzeko peligro galanta omen dute.

Industriarik ez dagoen tokietan, ezin turismoaren kontra jo, turismoa da horko industria. Mediterraneo aldean. Aldiz, industriarik badagoen tokietan, jendea ez da konformatzen, turismoak kaleak eta teilatuak hartzen dizkiola ikusita. Horixe gertatzen da Donostian. Horixe, Bartzelonan. Horixe Baztanen. Bestela nahi du bertakoak. Hirigintza deskalabru hutsa da. Kalte ekologikoak, itzulezinak. Gaitz erdi, gurean turismoak ez du aparteko indarrik izan orain arte. "Tentsio politikoaren ondorioak", diote. Tentsioa distentsio bihurtu denean, turismoa hauspotzen batzuk eta besteak, ekonomian pisu handiagoa, handia edo oso handia, har dezan. Eta, horrela, pikutara langileen kualifikazioa! Kito turismoa hesirik gabe gehitzea.

Diote, maila ekonomiko handia duten turisten bila jotzeko garaia dela eta, ez, pentsatu ere ez, Espainiak duen turismo zentzugabe harrapakari predatzaile beldurgarri horren bidetik jotzea. Geure buruen kalterako genuke, geure garapen sozioekonomikoaren galbide. Eta, hortaz, gustura jakingo nuke zertan diren herri handi bateko eta besteko agintariak. Edo, beharbada, ezertan ere ez dira. Egonean daude, besterik gabe, itxura guztien arabera.