Beldurrez

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2019ko uzt. 9a, 11:14

Miel Anjel Elustondok Uztarria aldizkariaren 2019ko ekaineko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ez du mugitzen uzten. Hantxe geldi-geldi, ez aurrera ez atzera. Nork bere beldurrak ohi ditu, haiekin bizi eta ibili beharra. Geroak zer ekarriko digun ez dakigula. Biziko ote garen. Ondo biziko ote garen, alegia. Ondokoak ondo izango ote diren. Bizitzeko pozak. Beldur horixe. Beste batzuek kezka esaten diote. Horregatik, lehengo "zer moduz?" oraingo "dena ondo?" bihurtu denean, "dena ondo behin ere ez" esaten hasi da jendea. "Dena ondo behin ere ez". Egon gintezke ondo, oso ondo, eta oso ondo baino hobeto ere bai, baina ez dago jakiterik noiz arte. Ze laster etorriko da buelta. Mundua mundu eta gizon-emakumea gizon-emakume den bitartean ez dago besterik. Hil arte bizi, eta orain ondo, hurrena hala-moduz, hurrengoan ondo ez edo txarki. Kantuan bezala. Xabier Leterena, Mikel Laboarena. Eta horrela bizitzen gara sortuz ta sortuz gure aukerak, atsedenik hartu gabe.

Besterik ez dagoela, edo bizitza besterik ez, komunikazio-inkomunikazioan, gerokoak zer ekarriko digun ez dakigula, ziurgabe, beldurrez, edo, ausartenak, kezkatan. Baina ez dut ausartik ezagutzen. Harro galantak bai, ezagutu ditut, baina hobe haietatik aparte ibili, haietatik aparte ibiltzea ezinezkoa bada ere, lan inposiblea, beti bilatuko dute-eta zirrikitu bat zure barrura sartu eta zure bakea urratzeko. Eta bitartean, hil arte bizi.

Nork bere beldurrak

Nork bere beldurrak ditu, eta, askotan, horiekin batera besterenak datozkigu. "Ez zaitez hara joan, beldurra ematen dit eta... Ez ezazu hori egin, beldurra ematen dit eta...". Norberaren beldurrak ez ezik, auzoarenak ere karriatu egin behar. Bi lan. Ez da erraza. Askoz errazagoa da lanean jarri eta norberaren barrukorik ez pentsatzea, hau, hori eta hura egitea, besterik pentsatzeke, axkoitiarren modura esateko. Errutinari eutsi, lanean, janean eta afanean. Beti betikoak egin, horietan badakigu-eta zein diren arriskuak, arriskurik baldin badago behintzat, eta gainerakoan, hil arte bizi, egun batean pobre, besteetan jauna, edo andrea, irteerarik gabeko bidean, zulotik irteteko adorea izan arte. Besterik izango da orduan.

Bestelako koloreak izango ditu munduak, ortzadarrarenak, esaten dute, edo erromako zubiarenak. Dena polit eta eder. Dena ondo. Hurrena baten batek etengailuari eragin eta, argia pizten edo itzaltzen den modura, atzera berriz ere ilunpetan ibiltzera behartuko gaituen arte. Eta segi aldapan gora berriz. Eta gora igotakoan, segi txixtuan behera. Eta jakina da askoz azkarrago egiten direla metroak eta kilometroak aldapa behera, aldapa gora baino. Gaitz erdi, tartean zelaia ere izaten da, eta orduantxe ondo, aldapa beherak emandako atsedenaren laguntzaz, handik laster fortunatuko zaigun aldapa gora igotzeko indarrak biltzeko premian. Eta holaxe. Beldurrez.