Zalduondotik Azpeitira

Erabiltzailearen aurpegia da hau Miel A.Elustondo | Iritzia
2018ko abe. 7a, 09:32

Miel Anjel Elustondok Uztarria aldizkariaren 2018ko azaroko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ziklista kontuak aditzera joan naiz Zalduondora. Zuen artean izango dira herri horretaraino ailegatu ez diren bidaiari amorratuak, seguru. Ziklista bat dute bertan, aspaldi ziklista izandako agurea. Joxe. Oiartzuarra. Ni jaio baino lehen ziklista ibilitakoa. Nik Erdikalean gora eta Artetxeneko aldapan behera lehenengo ziklistak ikusi baino lehenagokoa. "Eragin, eragin!", hots egiten genuen prakamotxok, gure ondoko prakaluzeei adituta. "Eragin, eragin!". Eta Gabika, eta Perurena, eta Elortxa azkoitiarra izango ziren guk aupatzen genituen karreristak.

Ez dira bart arratseko kontuak. Gaurko kontu zaharrek eraman naute atzoko kontu berrietara. Jainkoaren bideak asmaezinak behin eta berriz eta askotan. Eta agure zahar bat, 80 urtetik gora, 90etik hurreago 80tik baino, etxetzar handi batean, soroaren erdian. Eta milaka sagar eta intxaur bertan, hektarea mordoan. Baina ziklistak ekarri nau Zalduondoraino.

Joan den mendearen erdi aldera, txapelduna izan zen Joxe. Bederatzi karrera irabazi zituen, Espainiako txapelketa lau aldiz ere bai, Ordiziako klasikoa eta Arrateko igoera, eta karrera bat Azpeitian. Ez daki berak nondik nora ibili ziren, oroitzapen bat du, hala ere, Ormaiztegitik pasatu eta Salbatoren barrena Mandubin gora hartu zutela, hiru zirela buruan: Bahamontes, batetik, eta Zabaleta eta Joxe bera, oiartzuarrak biak, bestetik. Eta jo zuela Zabaletak, eta atzetik harrapatu zuela Bahamontesek. Eta jo zuela gero Joxek, eta atzetik harrapatu zuela Bahamontesek. Eta jo zuela berriz Zabaletak, eta atzetik harrapatu zuela Bahamontesek. Eta jo zuela berriz Joxek... eta horrelaxe lehertu zutela Tourra irabaziko zuen ziklista hura... Eta, hala ere, besterik gabe kontatzen ditu kontuak Joxek.

Kontrabandoan hasi

Dio diruaren aldera zebiltzala bizikleta gainean. Eta dozena erdi urte horrela ibili eta gero, dirubide seguruagoa barrundatu zuenean, utzi ziola bizikleta karrerak egiteari, eta ekin ziola kontrabandoari. Eta Oiartzun fronteratik bertara egonda, ez zela negozio txarra. Eta zernahi ekartzen zutela Frantzia aldetik honako bazterretara. Eta akordatzen da bizikleta gurpil azalak eta dinamoak ekarri ohi zizkiola Azpeitira Odriozolari. Uitiri, inondik ere, txikitan bizikletak behin baino gehiagotan konpondu zizkigunari, herriko historian inon agertzen ote den ez dakidan instituzioari.

Bizikleta utzita, kontrabandokoak saltzea izan zuen lana Joxek, eta gerraondo hartan, hemengo partean ezer ez zegoenean, bizimodua egin zuen, karreretan irabazitako dirua bizikletaren koadroko tutuan gordetzen ibili beharrik gabe. Aldi jakin bateko ofizioa izan zuen ziklistarena. Berak, benetan, artzain izan nahi izan zuen. Mendian. Eta menditik mundura eta mundutik mendira ibili bada ere, mendi-mundua izan du beti bere bizitoki Joxe Mitxelena ziklista txapeldunak.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu