Irribarre goxoko mutila

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2017ko urt. 27a, 12:07

Herrira loiola aldetik sartu eta garai bateko errekan txerloiraino lastrekan ibiltzen ginen parajean etxea besterik ez dago orain. haiek denak eskubira laga eta herrira sartu bigarren borobilean, ez xanjuandegira ez landetara, perretxiko aldera. kotxe pestie dago perretxikoko patioan, garai bateko jolastokian. hantxe ibiltzen ziren gure ikasleak, eta ibiltzen ginen gu.

fantasma biziok atzean laga, betharrandarren ikastetxean aurrera jo –hura ere estreinatu genuen, baina hori ez zen bart izan; gogorza, lekuona, oteiza, aiertza...–, goiko errota alde batean, kinttelanekoak beste aldean, seguesenekoa, kanpeon, uiti hurrena... horiek denak agurtu oraingo harritzarren atzean ezkutatuta badaude ere, eta zelai-luzera zuzen, enparaneraino, posadas akabatu zuten tokia, orioneko ateko bala zuloak han daudela ikusi, basurdea botatzen ikusitako leihoa ere hantxe oraindik, borobilean jira eta zelai-luzera berriz, enparandik bertara laga kotxie eta plaza aldera, hantxe daukat hitzordua. garaiz nabil, hotz ere egiten du, kafesne beroa non edo non hartuko ote dudan nabilela plazatik gora hasi naizen orduko hoska baten bat, eta ez dakit nola hots egin didan ere, ze izen ibili duen, hainbeste dauzkat hainbeste urtean. txikitino da, txikitako lagun txikitino, eta ze moduz eta hi ondo eta ni?, ni ere txarki, eta orduantxe gu konbertsazioan eta parean tokatu da andrazko bat, zorionak esanez, ez da niri ari, txikitinori ari zaio, ehun urte bete ditu erlojeriak, ehun urte, hiru jenerazio, eta zelebratu ere egin dutela esan dit txikitinok, eta eskuliburu txiki bat jarri dit eskura, oso gauza polita, oso testu ederrak barruan –baina hori gero ikusi dut, etxera ailegatu eta liburua letu dudanean–, eta poltsikoan sartu eta arrabal aldera egin dut, eta hor ez zait fantasmarik azaldu eta plaza aldera hasi naiz berriz, eta han non ikusten dudan haren irribarre ederra, eta ze moduz, eta hi ondo eta ni?, ni ere txarki, eta berriketa, askotan etortzen al haiz?, eta bat ez!, nik, gustura etorriko bai, koinatua eta iloba hor direla beti, maitagarriyek, eta inoiz, behin, hamahiru urtean festetara etorri naizen aldi bakar hartan, manuelek ikusi eta esan zidala, hik zuztarrak hemen dauzkek! builan, bai, baina joan eta harrapazak, eta berak, irribarre ederreko mutilak fruta saltzen lan egiten duela loiolan, eta nola zuen izena mutil honek?, eta ezin akordatu, eta zer nabilen, eta paretik pasatu den bati kasu egin dio, eta pasatu denean gerraundiko miren dela ikusi dut, eta horixe entrebistatzera etorri nauk! esan diot irribarre ederra dibujatzen dakien mutilari, eta gerraundiren atzetik abantatu naiz plazara, juanjoxeren fantasmari kasu egin ondoren –egundo ez nuen jakin izan zergatik esaten zioten makillas gure lagunari–, eta irribarre goxoko mutilaren izena burura ezin ekarrita.

 

(2017ko urtarrileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia)