Maier

Erabiltzailearen aurpegia da hau Miel A.Elustondo | Iritzia
2016ko api. 4a, 11:32

Argazkian ikusi eta ezagutu uste izan dut. edo, beharbada, izenak zerbaiten oihartzuna eragin du nire buru-kaskoan. Begiratu diot argazkiari berriz. Ez dut ezagutu. bere horretan utzi dut kontua, hurrengo orrialdera salto eginda.

Egunak joan direnean, kantuak esaten duen bezala, egunak joan direnean, hantxe elkarri begira aldizkaria eta biok. Hoska. Berriz ere hartu, berriz ere ireki, berriz ere haren argazkira jo. Eta irakurri. Txikitan hau eta hura zela, marimutil xamarra, saskibaloia eta abarra. Orduantxe konturatu. kostata, horratik. Eta nola ez gogoratu kurtso hartan izandako neskarik argienetakoa, sanoenetakoa, helduenetakoa. Nola ez gogoratu hamar urtean ikasle ibilitako neska-mutiletan maitagarrienetakoa. ez dago erraz inor ahazten. are gutxiago hura. Besteak baino gehiago izanagatik ere, inoiz ez zuen bere nagusitasuna bere burua inoren gainean ipintzeko erabili. Gelan luxua zen hura ikasle izatea. lagunartean maitatua eta errespetatua. Bere bidea egiten zuen zazpi-zortzi urteko neska hark, lagunez inguratuta.

Bere bidean

Artean kristau ikasbidea ematen zen ikastolan, eta ez dakit gaur egun ere horretan irauten duten, ala utzi dioten. behin, etorri da abadea gure ikasleekin asteroko saioa egitera, eta beti bezala, irakasle gelara irten da irakaslea. Pasatu da ordua exkax, eta gelara itzuli da irakaslea, irten da abadea, sartu da bera, etorri zaio orduko neska txiki orain handi hura gainerako ikaslez inguratuta... "abadeak belarrondoko bat eman dio halakori". Halako, kasu hartan, ez zen gelako neskarik aingeruena besterik. Gozoa baino gozoagoa. Haren begi handietan harridura ageri zen mina baino gehiago. Belarrondokorik ematen ez zen garaia zen. Horrelakorik nekez sartzen zen gelan. Bagenekien ze ezpal zuen abadeak, ze dotrina erabili izan zuen herrian pertsona larriekin ere. bateko beldurra eta besteko egurra. Eta belarrondokoa gelako neska begihaundiari. Eta aztoratuta umeak irakasleari. "Abadeak belarrondoko bat eman dio gure lagunari", aztoratuta maier gainerakoekin batera irakasleari.

Inoiz bertso ederrik ekarri zuen gelara, osabak kontatu-kantatuak, beharbada, guk geuk ere ikastolan kantatzeko. Inor ez zen haserre izaten orduan.

Argazkian ikusi dut, eta ez dut ezagutu. Testua irakurri behar izan dut konturatzeko. Baina irakurtzen hasi orduko jabetu naiz, ez dut asko letu beharrik izan. Jakina, ez nekien haren harrezkeroko biderik. Saskibaloi jokalaria, arkitektura ikasketak, saskibaloi taldeko lehendakaria. Nire barruan, hazi ez balitz bezala da. Baina hazi dela ikusi dut, bidea egiten, orduan bezala, zortzi urte zituenean bezala, baina orain ez daukat ikasgelan. Ez daukat ikasgelarik aspaldi, orduko irudi haiek besterik ez. Tartean, maierren irudia. Maitagarria.

Martxoko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu