Akordatzen

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2015ko uzt. 23a, 12:55

Ez nituen bost urte ere izango, baina akordatzen naiz egun haietan ez zela eskolarik, Agirreneko sirenak eguerdiko hamabi-hamabietan jotzen zuela eta langileek bazkaltzera alde egiten zutela etxera, eta, gu, etxe atariko koxkan jarrita, langile haiek kontatzen genituela, kantuan: "Karreristie... automobille... oinez… karreristie...", eta, dudarik gabe, gehienak bizikleta gainean pasatzen zirela, automobil gutxi ikusten genuela Landetatik herrira zetozen langile haien artean.

Akordatzen naiz elurra egin zuen egun batez jantzi zizkidatela lehenengo aldiz praka luzeak, ordura arte praka motxak besterik ez genituela ibiltzen herriko mutil koxkorrok. Neskek, gona. Eta, horrela, artean sei urte ere ez, akordatzen naiz Enparan kalean barrena joan nintzela, Jesuitinetara, elurretan, bakarrik. Eta ez dakit zergatik nindoan bakarrik, anaia zaharrena ere hara zihoan-eta eskolara. Akordatzen naiz gu Jesuitinetara joaten ginela, uniformea jantzita, eta herrian besteak Mixerikordiko eskolara joaten zirela, eta mantala jantzita ikusten ditudala nire buruan. Akordatzen naiz batzuk eta besteak Betharramistetan bat egin genuela, estreinatu genuela eskola berria, sei urte nik, eta inaugurazioa egin zenean patioan jarri gintuztela denok, nor bere kurtsokoekin batera. Ez naiz akordatzen zer izan zen gero. Lehenengo Betharramistak lau izan zirela akordatzen naiz: Gogorza, Oteiza, Lekuona eta Aiala gaztea, eta ooooooooooona zela Gogorza, euskalduna eta euskaltzalea, frankismo ilun hartan ere. Hark eman zigula lehenengo kurtsoko eskola, akordatzen naiz. Eta a ze suertea. akordatzen naiz, hau eta hura ikasten, eta ni denon aurrera atera lezioa hartzera eta ea Madrilek kosta duen galdetu zidala. "Litoral", esan zuen. Hitzak zer esan nahi zuen arrastorik ez eta nire aurrekoei begiratu niela, eta, han, lehenengo ilaran, Kike ilehoriak buruarekin baietz egin zidala, eta, orduan, nik baietz erantzun nuela. Madrilek litorala bazuela. Orain Kike zaharra Gasteiz zaharrean ikusi eta sartu zidan ziria akordarazi egiten diot. Berak ere ba ote zekien zer zen litoral.

Eta akordatzen naiz

Akordatzen naiz Betharramistetan bertan, eskola azpian pilotalekua egin zutela. Txikia, baina guretzat nahiko handia. Ordura arte, jaietan mezetatik irten eta Frontoi Txikitik pasatzerakoan, behin edo behin pilota partidaren bat ikusi edo erdi ikusi genuela. pilotarietako bat Iborla zen, Ibarrola, Aratzerrekakoa, mutil sendoa, bikaina, planta izugarrikoa. Pedro Mariren aita, igoal. Atzeko etxeko paretaraino bidaltzen zutela pilota akordatzen naiz. Betharramistetakoa zen guretzat tamainako frontoia, pilotak artilez-eta geuk egin eta hasi ginela pilotan. Gu baino zaharrago, Antxola oso pilotari ona zela akordatzen naiz. abilidade handia zuen, eta bizi-bizi mugitzen zen...

Akordatzen naiz.