Erdaldun haiek

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2015ko mai. 27a, 10:21

Akordatzen naiz parrokian dotrinan don Juan kaxkarrarekin ginela entzun nituela lehenbizi haien izen-deiturak. Arrotzak zitzaizkidala zeharo, ezin antzemateko modukoak. Benitez. Manzanas. Cabezas. Rodriguez. Nondik etorriak ziren ere ez genekiela. Gure moduko umeak zirela, 'soy cristiano por la gracia de dios', asteroko erretolikan, katixima ikasteko lanetan. Gure modukoak ziren, ez ziren gure modukoak. Diego. Manuel. José. Vicente... ziren haiek. Gu, Jexux Mari, Joxin, Juan Joxe, Antxon... Akordatzen naiz herri zulotik kanpora, Sanjuandegi auzoan jarri zirela, edo jarri zituztela bizitzen, eta nekez arrimatzen ginela gu hara. Hura deserri bat zitzaigula guri, erdaldun haiek Sanjuandegi hura benetako deserri zutela konturatzeke, azkoitiarren moduan esateko. 

Akordatzen naiz ondoan baten batek, halako batean, ekin ziola belarrimotz, maketo eta koreano hitzak haizatzeari, eta zer esaten genuen jakin gabe ere, gauza politik ez zela hura. Irain kutsua zuen, haiek gure herrian jaioak ez zirela adierazteko marka zitala, eta haserretzen ginenean, errazkeria horretatik jotzen genuela. Eta haserreak ere ez ziren bakanak. Akordatzen naiz, ez zait bizian ahaztu, behin, eskolatik irten eta Enparan kalean gora korrika ekin geniola Diego eskola-lagunaren atzetik. Giza ehizaren itxura zuela jolas gaizto hark. Iturri-txiki ondoko zapatariarenean hartu zuela babes nire lagun Diego begi-argiak. Laguna nuen eta nik Diego! Akordatzen naiz Soreasu barren hartan bazela Vicente bat, gainerakoak ez bezala hantxe, baserritarren seme-alaben auzoan erori zena. Eta laster zela gu bezalaxe euskaraz hitz egiten. Vicente zena Bixente izan zela berehala. Oso mutil sinpatikoa izan zen beti Bixente hura. 

Akordatzen naiz bi mundu izan ginela zenbait urtez: erdaldunak, eta euskaldunak. Betharramdarren ikastetxe berriko patio bukatugabean futbolean jokatu genuela behin, eta orduan ere Diego batek –beste Diego bat zen hura, ilegorria, oraindik herrian bizi dena–, sartu zidala gola, penaltia dotore eta elegante botata. Akordatzen naiz partida haren ondotik lagunago ginela euskaldunak eta erdaldunak, eta nahasteko pronto geundela. Erdaldun haiek ez zitzaizkigula harrezkero hain arrotz, arraro eta estrainio iruditu.

Elkar nahastuta

Akordatzen naiz Imanol Lazkanok kontatua: garai batean, artean gerra ondoan, Azpeitira etortzen ziren guardia zibilen seme-alabek ere euskaraz ikasten zutela, kalea beste metodorik gabe. Akordatzen naiz Benitez, Rodriguez, Arias, Morillo haietako asko euskaldun egin zirela, euskarazko eskolara eraman zituztela beren seme-alabak, herriko Lagun Onak taldean jokatu zutela... Eta, gauzarik handiena, neska-mutiloi sexu grina piztu zitzaigunean, dantzan eta jolasean hasi ginenean, ez geniola begiratu deiturari, ez odolari, ez azalaren koloreari: kanpoko eta bertako, betiko nahastu ginela.