Haritz

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2015ko mar. 24a, 09:37

Nik ez nekien arren, huraxe izango nuen azkeneko taldea ikastolan. Akordatzen naiz 3. mailan hartu nuela, Sanjuandegin. Berez, Perretxikoan behar zuen 3. maila osoak, baina gorabeheraren bat bazen tartean, eta Sanjuandegin egin zuen Gabonak bitarteko garaia 3. mailako talde hark. Akordatzen naiz talde haren aurreko andereñoak, Arantxak, esan zidala taldea oso bat eginda zegoela, oso ondo hartzen zutela batak bestea. Horixe esan zidala akordatzen naiz. Gogoan hartu nion, eta gaur ere gogoan dut oraindik andereño hark esandakoa. 

Akordatzen naiz lehenengo aldia nuela 3. mailako taldea hartzen, lehenengo aldia nuela Sanjuandegiko ikastolan, lehenengo aldia adin –txiki–, hartako ikasleak neure ardurapean nituela. Akordatzen naiz esan zidatela 3. maila, berez, lehenengo zikloaren segida zela, irakurketa-idazketak behin eta betiko sendotzeko ikasturtea, biderketa taulak ikasten hasteko garaia, eta hau, hori eta hura. Ez zela kurtso zaila, alegia. Akordatzen naiz ez zela zaila izan neska-mutil haiekin ikasten jardutea; irakasten saiatzea edo dena delakoa. Akordatzen naiz jolas mordoa egin nuela haiekin batera. Ordu arte andereñoa besterik ez zutela izan neska-mutiko haiek eta gogo onez, irrikaz hartu zutela mutila irakasle. Azken finean, beraiekin batera egiten zuen jolas baloiaren atzetik, edo harrapaketan, edo honetan eta hartan. Akordatzen naiz herriko abadeetako bat etortzen zela kristau ikasbidea erakustera. Eskola zaharreko abadea, geuri ere dotrina erakutsitakoa, gure ama ere kalean estu hartutakoa behin, mauka hutsik zihoalako nonbait. Gure ama, ez abadea. Akordatzen naiz abade hark zaplaztekoa eman ziola nire ikasleetako bati. Hark alde egin, ni gelara sartu eta horixe esan zidatela denek batera: "Zaplaztekoa eman dio Norari!". Taldean zitekeen neskarik gozoenetakoari. Akordatzen naiz behin zinera eraman nuela Nora txiki hura, E.T. ikusi genuela, eta haren malkoak pelikularen akaberan.

 Haritz, ikaslea

Akordatzen naiz Perretxikoan egin genituela 4. eta 5. mailak, eta ikasi beharrekoak aparte, makina bat jolas ere egin genuela, kantatzen genuela, irakurtzen eta idazten genuela, astelehenetan erdi lotan ekiten geniola asteari, eta asteartean beti zela haserre, sesio edo xextraren bat. Hego haize egunak zeharo peligrosoak zirela, aztoratu egiten zituelako neska-mutilak, eta ondoeztu, berriz, irakaslea. Akordatzen naiz han zirela Maite, Ane, Maitane, Itsaso, Ainhoa, Oier, Joxe Anjel, Xabier, Jon, Igor bat, Zigor, Igor bi, eta Haritz, Gorka, Olatz, Elisabete, Maite, Nekane, Idoia, Xabier, Unai... 

Akordatzen naiz maitagarriak zitzaizkidala, zaizkidala, haietako asko. Akordatzen naiz baten bat besterik ez dudala harrezkero berriz ikusi. Eta nahiago dudala ez ikusi, Haritz ikusi dudan moduan ikusi baino, egunkarian, eskelan. Poztu nau jendeak maite zuela jakiteak.

Martxoko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.