Martxoaren 22ko desolamendua

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2014ko mar. 18a, 11:52

22 zituen hilako martxoak, eta guk ez genuen askoz urte gehiago 1984 hartan. Bero zen garaia. Horixe dut gogoan. Guardia zibilak –beti parean guardia zibilak, lehen eta orain–, eta poliziak –beti parean Espainiako polizia, lehen eta orain–, lau gazte hil zituzten Pasaian, azpeitiarrak bi, Iruñekoak beste biak. Otsailaren 23an Enrike Casas hil zuten Donostian Komando Autonomoek. Greba orokor handia egin zen herri askotan. PSOE zegoen Espainian agintzen. Felipe Gonzalez. Inguruan zituen Rafael Vera, Julian San Cristobal... Gogoratzen zer izan zen GAL?...

Otsaila bero, beroago martxoa. Kurro eta PelitxoPelu eta Txapas. Odol hotzean hil zituzten lau gazteak gauez Pasaiako badian. ‘Pasaiako segada’ da harrezkero. Hurrengo egunean, goizean goizago zabaldu zen berria gure herrian. Greba orduan ere. Beharbada, bilera udaletxeko arkupetan. Seguru da manifestazioa eta Kurro eta Pelitxoren gorpuak udaletxean jarri zituztela. Joxemari Urrustillen argazkiak. Eta jendearen emana. Gazteak ziren hildakoak, eta, guztien gainetik, gazteak kalean.
 
Poliki-poliki jakin genituen xehetasunak. Detaile beldurgarriak. Aurretik Rosa harrapatu zutela Donostian. Atxilotu zutela, baina ez zutela zabaldu. Isilpean eduki zutela, Iparraldeko kontaktuari hots egitera behartu zutela. Hitzordua zehaztu zutela martxoaren 22rako Pasaiako badiako leku jakinean. Eta susmo txarrik gabe hitzordura azaldu zela komandoa. Bost gazte ziren zodiac batean. Ontzia harkaitzetara hurreratu orduko, fokuak piztu zirela. Zalaparta, nahastea eta anabasa. Tiro zaparrada lehorretik. Uretara salto eginda ihes egiteko ahalegina gazteek. Alferrik. Harrapatu eta hotz-hotzean hil zituzten, fusilatu zituzten lau lagun. Bizirik utzi zuten Joseba, bizirik lehendik atxilotutako Rosa. 
 
Kurroren anaia Pelloren negarra, desolamendua, betiko gure gogoan, martxoero, hilak 22 dituenean... Dioni, Pelitxo, Pelu, Txapas, Rosa, Joseba... Itoizen kantuaren airean...
 
Esaten du ene hiztegi batek
desolamendu hitza latinezko
‘Desolatio’ hartatik datorrela
Jenitiboz ‘desolationis’
 
Dio baita ere mila seiehun eta
Hamabigarren urtean sortu eta
idatzi zela lehengo aldiz
antzara txuri baten lumaz
 
... bere hiru esanahiak direla
‘bakardade, ruina, hondamen’...
 
baino ordea ez dio ezer
kaletik doan
jendearen
bihotzetaz
 
baino ordea ez dio ezer
gure bihotzaz
zutaz eta nitaz
kartzela edo
kuarteletako
patioaz...
 
Martxoko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.