Zein da mantaren jabea?

Erabiltzailearen aurpegia Maite Garmendia 2020ko abe. 23a, 20:38

Lagun batek eta haren alabak martxoan istripu txiki bat izan zuten. Une horretan, norbaitek manta batekin estali zuen lurrean zegoen ama, baina ez dakite nor izan zen hori egin zuena. Horren harira, esker ona emateko, mantaren jabearen bila ari dira.

Ama eta alaba Azpeitiko mediku zentrora joan dira, eta han egin beharrekoak bukatutakoan, etxera bueltan doaz biak, besotik helduta. Amak azken hilabeteetan makulua behar du. Aldakako ebakuntza batean izandako konplikazio batengatik, hanka bat desgaituta geratu zaio, eta ezinbestekoa du makuluak ematen dion segurtasuna.

Martxoaren 12ko arratsaldeko seirak dira, eta Ertz tabernaren inguruan doaz biak, tupustean auto batek jo dituenean. Leku horretan, zorionez, autoek ezin dute abiadura handian ibili. Gidari baten despiste batengatik , autoak ama-alabak jo eta biak lurrera bota ditu. Amak badaezpada ez du mugitu nahi, zer gerta ere. Erortzerakoan bizkarrean zuen motxilak kolpea goxatu dio, eta etzanda jarraitzen du. Alabak hanka du minduta.

Momentu horretan, eszenaren dramatismoak bultzatuta edo, baten bat azaldu da non edo nondik. Manta bat zabaldu du eta etzanda zegoen amari bero pixka bat eman nahian gainean jarri dio. Hotz egiten du. Ama, egoeraren larriaz jabetu ezinik, ez da konturatu zein izan den manta hori ekarri eta gainean jarri diona. Ezta alaba ere.

Autoaren gidariak zeharo kezkatuta hurrengo egunean deitu die nola dauden jakiteko. Atsekabea pasatu ezinik dago. Bere txarrean ondo daudela eta, zertxobait lasaitu da gizona. Etxean egin beharko dituzte erreabilitazio ariketa batzuk.

Kolpeak eta ubelduak aspaldi sendatu ziren, baina mantak etxean jarraitzen du. Ama-alabek esker ona azaldu nahi diote mantaren aingeru guardari. Izan ere, momentu latz horietan detaile txikienek asko goxatu dezakete egoeraren larria. Mantaren jabeak hau irakurriko balu, eman diezagula bere berri manta berreskuratu dezan, gure esker onarekin batera. Poza ematen du laguntzeko prest dagoen jendez inguratuta egoteak.