Hi, gazte!

Erabiltzailearen aurpegia Maite Garmendia 2018ko mar. 6a, 16:01

Hi, gazte, konturatu al haiz azken aldi honetan kaleak protestaz betetzen ari direla gure etxeetako jubilatuekin? Hi gazte, gero eta jubilatu gehiago pankarta atzean ikusten ditun/anean pentsio duinak eskatzen, zer pentsatzen dun/k? Hire guraso, amama ta attitteren kontua dela bakarrik?

Hi, gazte! Hire ama, amama, aita, eta attitte aspaldian hasi hitun/an borrokan gaur daukagun bizimodua izateko. Pentsio publikoak borroka askoren ondoren lortutako zerbait ditun/k, hezkuntza eta osasungintza bezalaxe. Zutabe hauetako batek porrot egiten badin/k besteak ere arrisku galanta izango diten/k behera erortzeko.

Hi, gazte, pankarta atzean daudenak eta egongo garenak borroka askoren ondoren lortutako eskubideen defentsan gauden/k eta, era berean, hi zahartzen haizenean hik ere disfrutatu ditzan/an nahiko genin/ake.

Hi, gazte, beste hark esaten zuen bezala, gaztetasuna denborarekin sendatzen den gaixotasuna dun/k; baina hi lasai, denoi gertatu zaigun/k eta. Baina, gaztetasuna gainditzean, "gazte ginenean zein ondo bizi izan ginen" ez dadila izan hire memorian geratuko zain/an oroitzapen bakarra. "Gazte ginanean zenbat lortu genuen" ere hire oroimenetako bat izan dadila.

Hi, gazte, "dagoena dago" (esto es lo que hay) alderdikoa al haiz? "Esto es lo que hay-k, esto es lo que habrá" ekarriko duela jakingo dun/k ba? Nahi baino lehenago iritsiko zain/k hiri ere egoera mixerable askori aurre egiteko ordua.

Hi, gazte, "dagoena dago" alde batera utzi eta espabilatu.

Ni, laster pankarta atzean egongo naun/k hire ama, aita, amama eta attitterekin batera eta hi ere han ikusi nahiko hindun/ake, borroka hau denona dun/k eta.

Hik zer egin behar dun/k? Elkarretaratze hauen aldamenetik pasatzean irribarretxoa egin eta kanpoan geratu?

Ez etsi, letxe! Borrokarik gabe ez zagon/k eta garaipenik.