Saninazioak 2016

Beste festa eredu baten alde, hausnarketa txiki bat

Erabiltzailearen aurpegia Maite Garmendia 2016ko uzt. 15a, 15:53

Badakit Azpeitian gai honi buruz  hitz egitea ez dela "politikoki zuzena" jende askorentzat, baina gure herriko festen bilakaera nola doan ikusita, hor doa nire ekarpena. Ez naiz animaliak erabiltzen dituzten jaien zalea.

Ni ere joan nintzen txikitan zezenketaren batera. Ikusi nuen behin edo behin "bonbero torero" eta pare baten edo hirutan desenkajonamendua ikusten izana naiz. Sokamuturrean ere duela urte gutxira arte ibili izan naiz karrera zulotan sartuta gora eta behera. Tradizioa zen. "Azpeitiarrak beti izan gara zezenzaleak".

Denbora aurrera doan heinean, beste begi batzuekin ikusten hasten zara zure inguruan gertatzen eta egiten dena eta beste filtro bat ezartzen diezu inguruan dituzun ikuskizunei, jaiei, ekintzei... eta ordura arte izan dituzun irizpideak, edota inertziaz egin dituzun gauzak  aldatu beharrean aurkitzen zara. Niri behintzat hala gertatu zait.

Prozesu hori eta gero, ondorio hauetara iritsi naiz:

  • "Ni ez naiz inor animali bati sufrimendua eragiteko".

  • "Ni ez naiz inor festa egiteko dudan eskubidea dela-eta inolako animaliarik erabiltzeko nire gozamenerako" (animaliarentzat hori ez da inolako festa).

Premisa hori abiapuntu bezala hartuta, gure herriko festek azken urteetan izan duten garapena ikusita, zer ondorio atera daitezke?

  1.-Gure festa eta jai-egunetan gero eta gehiago erabiltzen dira animaliak "gure gozamenerako". Azpeitian, lehen genituenaz gain, azken urteetan ugaritzen joan dira jai-egun desberdinetan zehar animaliak erabiltzen dituzten "festak", Euskal Herriko beste zenbait herritan gutxitzen edota kentzen ari diren bitartean.

  2.-Gero eta jende gazteagoari zuzentzen zaizkio modu honetako ekitaldiak: zezen txikiak, entzierro txikiak, animaliekin jolasak...

Badirudi entzierroak antolatzea (txikiak izan arren), jaietan benetako animaliekin eta udalekuetan animali birtualekin... ekintza "jatorrak eta tradizionalak" direla, baina denok dakigun bezala entzierro bat ez da Sansilbestre eguneko krosa, non aurrena iristen direnek domina eta errekonozimendua jasoko duten. Ez. Lasterketa mota honetan parte hartuko duten animaliek jasoko duten domina zezen plaza batean askatu eta heriotza krudel eta odoltsu bat izango da , milaka norbanakoen asebetetzerako.

Edozein ekintza antolatzean jakin badakigu ekintza horrek helburu bat duela. Zein da ekintza horiekin lortu nahi dugun helburua? Gure txikientzat antolatutako ekintzek ez al lukete izan behar helburu bezala animaliekiko errespetua eta bizikidetza bidezkoagoa lortzea?

  3.-Zezenketei dagokionez, badirudi azpeitiar gehienok aparte antzera sentitzen ditugula, indiferentziaz begiratzen diegula, baina ez kontra egiteraino." Denbora kontue den... "eztin asko iraungo...urte batzuk barru desagertuko den..."

  4.- "Azpeitiar gehienak sokamuturzaleak gara" 

Zezenketetan krudelkeria egon daitekeela onar dezakegu, baina "sokamuturra pakean utzi, e? Hori ezten zezenketen berdina".

Hori egia da baina horrek ez du esan nahi bidezkoa denik.

"Sokamuturrean zezenak ez din sufritzen eta minik e...ze min hartzein ba?"

Ez dakit ze kalibreko soka bat lepoan duen zezena bere ohiko bizilekutik atera, ibilbide urbano arrotz batean soltatu, sokatik tira eta luza ibili, adrenalina ase nahi duten ehunka pertsonen artean leher egin arte... Animalia hori gustora dabilela pentsatzen duenak jaso dezala besoa.

Intentsitate bajuko 'taurinoak' al gara azpeitiarrak? Zezenketak neurri batean ez...baina gainerantzekoak utzi pakean, e?

  5.- Zer izango litzateke Azpeitia zezenik gabe? Herri aspergarriago bat? Festak ez lirateke hain onak izango?Azpeitiarrak ez al ginateke gai izango animaliarik erabili gabe festa egiteko?

Zer festa eredu nahi dugu?

Gauza horietaz guztietaz hausnartzea nahiko nuke, horrek izan beharko luke eta abiapuntua.

"Esaidazu zer tratu ematen diezun animaliei eta nolako gizartea duzun esango dizut"

Nik nahiko nukeen festa ereduan behintzat ez dut nahi inor sufritzen ikusi; ez pertsona eta ez animaliarik. Pertsona eta animaliekin errespetu handiagoa izango duten jaien aldeko aldarria da nirea. 

"Azpeitiar txikia, zezenzale txikia; azpeitiar handia, zezenzale handia?" Ez, eskerrik asko.