Ama eta memoria. Memoria eta ama

Erabiltzailearen aurpegia Maite Garmendia 2016ko mar. 18a, 13:14

Aspaldi hil zen gure ama. Gazte joan zen, gazteegi. Bere istorio, barre, komeria, dantza, kantu, pandero eta gainerakoak, berarekin eraman zituen, eta guri memoria utzi zigun. Ez genuen elkarrekin urte asko bizi izan.

Batzuetan bizitza latza da. Denbora lapurtzen dizu. Denbora faltak, esan gabekoen hutsunea uzten dizu, zuloa, bete gabe geratzen den zuloa. Falta.

"Memoriak" ama ekarri digu gogora. Ez ahaztuta geneukalako, ez. Ez da hori. Kontu berriekin ekarri digu ama. "Pelikulako" pasadizoekin, abenturazko kapitulu berriekin, isil-isilik asko sufrituko zuela pentsatzera eraman gaituzten zantzuekin.

- Etorri, Maite- behin nola esan zidan gogoan dut.

-Zer, ama?

Eta bere logelako armairutik kartoizko kaxa txiki  bat atera eta esan zidan:

-Ixo, e?  Hau ez esan iñori.

Eta harizko bolaz osatutako ikurrin bat erakutsi zidan.

Ni ume koxkorra nintzen eta ez nuen ulertu esan nahi zidana baina sekretu hura gure amarentzat emozio kutxa bat zela ulertu nuen. Berarentzat, kutxa hartan zeuden gordeta bizipen askoren arrazoia, espetxeraino eramango zuen arrazoia.

Horrelako momentu gutxi izan genituen elkarrekin.

Utzitako zulo hori txikitu nahian edo, memori urrunaren ganduan erdi mutu, ezkutuan eta isil zeuden galderei erantzun nahian, ate joka hasteari ekin genion.

Madrileko Espetxeetako Zuzendaritza Nagusira jo genuen, eskean. Gure amaren inguruan zekiten guztia esateko eta bidaltzeko esan genien, bere seme-alabak izanik eskubidea genuela eta. 

Pare bat hilabetera erantzun ziguten mikroipuin batekin: "Maria ingreso en prision el dia…. del año…Y salio el dia…del año…". Fin de la cita. Kitto!

Handik denboralditxo batera Azpeitiko Udalak eta Aranzadik memoriaren berreskupenean aurrera egin behar zela eta beste ate bat ireki ziguten eta guk sartzea erabaki genuen. Hortik etorri zaizkigu gure amari buruzko pasadizo ausart eta arriskutsuen berri eman dizkiguten dokumentuak. Txosten haundi bat. Postaz. Tori.

Ez zen handia altueran baina gerra pixka bat eman zuen emakumea izan zen. Ama borrokalaria, martxosoa eta feminista izan zen gurea. Garai hartan Nuarben zegoen erretoreak amak egindako "pikardia" barkatuko ziolakoan nago.

"Memoriak" gogora ekarri dizkigun andre eta gizon denei, erekonozimendua. Gure amari musu iraultzaile bat eta hau guztia gerta dadin lagundu duten guztiei, mila esker.