Iritzia

Zenbat gara?

Erabiltzailearen aurpegia Mailo Oiarzabal 2022ko eka. 30a, 08:43
Urrestilla. (Mailo Oiarzabal)

Mailo Oiarzabalek 2022ko ekaineko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

San Googlek ezusteko ederra eman zidan aurreko batean. "Urrestilla" sartu nuen bilatzailean, webgunerako idatzi behar nuen kontu baterako informazio bila. Eta behar nuen hura ez, baina oso deigarriak egin zitzaizkidan beste datu batzuk jarri zizkidan eskura: 2021aren hasieran, 690 biztanle zituen Urrestillak, azken hogei urteetako kopururik handiena; eta 2020tik 2021era ia ehun biztanle irabazita, gainera. 99, hain justu. 99 gehiago. Urte batetik bestera. Urrestillan. Harrapazank.

Foro-ciudad.com izeneko webgune batean daude jasota aipatu ditudan datuak. Ez nuen ezagutzen webgune hori eta ez dakit zenbateraino den fidagarria, egia esan. Espainiako Estatistika Institutuaren (INE) datu basetik erauzitako informazioa dela diote. Jakin-minak erabat jota, ibili nintzen ba INEren webgunean ere maiseatzen, baina ez nuen Foro-ciudadekoek jasotako datuen iturririk aurkitu. Kontuan izan, hala ere, antzeko webguneetan gauzak bilatzen ez naizela munduko abilena; datu kazetaritzaren gaineko ikastaro bat egin berria naiz, baina ez dakit, ba, zuku handirik atera diodan.

Datua benetakoa izan ala ez, nahiko seguru nago 2020tik 2021era 99 bizilagun berri ez genituela izan; horiek guztiak Urrestillan erroldatuko ziren ez dakit, baina bai Urrestillan bizi, bizi, ez zirela bizi. Beno, ez noa lepoa jokatzera, bakarra daukat eta. Egia da, hori bai, azken urteetan bizilagun berri asko izan ditugula eta ditugula, jatorri desberdin ugaritakoak, gainera. Ez da fenomeno berri-berria, aspaldi bihurtu zen ia ezinezko Urrestillan etxeketan jolastea. Etxe bakoitzean zein eta zenbat bizi ziren denok genekien, eta etxe bakoitzak bere izena edo ezizena zuen garaiko denborapasa ohikoa genuen jolas hori umetan –aspaldi, alegia–. Etxeketan, herriko familia bat, etxe bat, aukeratzen zuen batek, eta besteek hark aukeratutakoa asmatu behar zuten, galderak eginez eta jasotako pistak jarraituz: etxea kalegoian ala kalebehean al zegoen, etxe horretan zenbat ziren (aita, ama, zenbat seme edota alaba, aitona-amonak edo beste senitartekoren bat...), eta abar. Egun, aitortzen dut neure etxepeko nor da nor jolasa ez nukeela zuzen egingo. Gauzak aldatu egiten dira, besterik ez, eta urteak bete ahala, aldaketa gehiagoren lekuko izateko aukera dago.

Erroldaren azken eguneraketaren arabera, beraz, ia 700 gara Urrestillan. Etxeketan aritzen gineneko garaietara itzulita, "500 bat". Hori izaten zen, behintzat, gure belaunaldikoon erantzuna, Urrestillan zenbat ginen galdetzen zigutenean. Galdera hori egin eta aipatutako erantzuna jaso zuen batek hala esan zien gure lagun batzuei: "500? Zer, oilo eta guzti?". Hi, txikito...