Iritzia

Zer lan polita

Erabiltzailearen aurpegia Mailo Oiarzabal 2022ko mar. 4a, 08:34

Mailo Oiarzabalek 2022ko otsaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Lanbide ofizial bakarra izan dut lan munduan hasi nintzenetik: kazetaritza. Horretarako ikasi nuen, baina ikasi, ikasi, jardunaren poderioz ikasi dut. Bestelako lanetan aritzen direnei entzunda, esango nuke hori dela ohikoena. Ari naizela, ari naizela ikasi dut, eta ikasten jarraitzen dut, eguneroko lana ahalik eta txukunen egiteko asmo bakarrarekin. Ez dago beste misteriorik.

Egiten dudan honetan onena izatetik oso urruti nabil, baina horrek ez nau larritzen. Neure burua beste lanbide batean irudikatu izan dudanetan, orduan bai, larritu izan naiz. Beno, ez dakit larritu den hitza; etsipen zehatzagoa da, agian. Izan ere, egunen batean beste lan baten bila hastea egokitzen bazait, zertan naiz 'ona'? Zerrendarik ez dut egin inoiz, baina nago, egiten hasita, laburra litzatekeela oso zerrenda hori. Esku lanetarako desastre hutsa naiz, hori horrela dela baieztatuko dizue ondo ezagutzen nauen edozeinek. Gauza askotaz datu pila bat ezagutu ditzakedala ere esango dizuete. Jakintza multzo horrek aplikazio praktiko oso mugatua duela neuk esango dizuet; zorionez, egiten dudan lanerako balio izan dit batzuetan, eta Trivialean ere ez naiz gaizki moldatzen, baina horraino, kito.

Besteen lanbideak ez zaizkit inoiz errazak iruditu izan, alderantziz. Sarri miresten dut besteen abilezia, neu ez naizelako hiru-lau plater handi besaurre batean eta ogiaren xextoa beste eskuan hartu eta pauso arinean eramateko gai, esaterako. Igeltsero, iturgin, saltzaile, jostun, zurgin, altzarigile, elektrikari, mekanikari, mediku, erizain, irakasle, zaintzaile... Neureak hala dituelako, pentsatzen dut besteen lanek ere izango dituztela alde onak eta txarrak, baina ez naiz gai horietako lan bakar bat erraza edo erosoa dela esateko; aldiz, eta berriro diot, mirestu egiten ditut gehienak, denak ez esatearren.

Horregatik, deigarria egiten zait zenbat aldiz esan didaten "begira, zer lan polita" neureagatik ari direla. Besteren lana sailkatzeko eta neurtzeko erraztasun hori, neuri hain zaila egiten zaidanean. Ez nago seguru, baina uste dut kazetari-bai-baina-herriko-berriemaile-bakarrik izateak izan duela zerikusia jendearen pertzepzio horretan: kazetari, baina kazetari txiki, alegia, pare bat tontakeria idatzi eta egunean bitan, hirutan ez bada, kafea hartzen, ederki baten.

Pentsakera baten karikaturizazioa egin dut, baina ez pentsa askoren benetako ustetik hain urruti dagoenik. Kezkagarriagoa iruditzen zait aspalditik, baina azkenaldian inoiz baino gehiago, kazetari lana zer den eta zer ez den, eta kazetari lana nola egin behar den eta nola ez dakiela gero eta jende gehiagok; kazetariok ez beste ia edonork, esan nahi baita. Eta hala ere, bai, ze demontre, bada polita gure lan hau... batzuetan bederen.