Iritzia

Ondo pasatu!

Erabiltzailearen aurpegia Mailo Oiarzabal 2021ko aza. 20a, 09:01

Mailo Oiarzabalek 2021eko azaroko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

"Oi Bethleem, etorri da zure garaia. Oi Bethleem!". Urriko arratsalde epelean etxeko leihora irten, eta Pantxoa eta Peioren Oles ta oles diskoko abestiak entzuten ditut aurreko tabernan. Ordurako hasita daude Gabonetako argiak jartzen Azpeitiko kaleetan; Urrestillan oraindik ez, baina badira aste batzuk argi horiek jarri ahal izateko kableak-eta prest utzi zituztela. Urrian. Eroskiko pasilloak mehartzen hasita zeuden lehendik, turroiz, txokolatez eta gozo festaz beteta. Gabonak urtetik urtera goizago 'hasten' direla esan ohi da, baina aurtengoa marka guztiak hausten ez ote den ari... Seinale gehiegitxo, azaroko aldizkarian Gabonez idazteko tentazioari eusteko. Rikardo Arregik ere Gabonak izenburuarekin zutabea argitaratu duela ikusi dut. Urriaren 27an. Goizegi nenbilelakoan, ni.

Gabonzale porrokatua izandakoa naiz, Gabonetako ohiturekin –batzuekin, bederen– oso-oso ondo pasatzen zuen horietakoa. Gabon eskea zen nire kutunetakoa. Ugarteko Joxe Antonioren kamioira igo, eta goizean Landetaraino eta arratsaldean Nuarberaino joaten ginen, baserriz baserri eta etxez etxe oinez eta kantuan Urrestillarako bidea egiteko. Barka bezate Atxubiagakoek: gure garaian behintzat han hasten genuen Gabon eskea, gure esnatu berritako ahots hil eta desafinatuekin esnatzen genituen hangoak, ez ziguten inoiz harrika egin eta, gainera, dirua ematen ziguten! Auntxarekin eta Iturbiderekin joaten ginelako libratzen ginela uste dut. Dena esaten hasita, arratsaldean beste indar bat hartzen zuten gure kantuek, eta Atsaranen, Ugarten, Makibarren edota Txarabarrenen eskaintzen ziguten jan-edanak izaten zuen zerikusia horrekin. Gabon gaueko afaria hasterako ondo beteta egoten ginela, alegia.

Eguberri eta Errege egunetako meza-kontzertuekin ere izugarri gozatzen nuen. Vienan Strausstarren valsak eta Radetzky Martxa dituzte, eta Urrestillan Busca Sagastizabalen Misa Pastorela; latinez, eta dantzarako gogoa ematen duena. Aurpegi arraroa jarri duzue aurrekoa irakurrita, baina ez naiz gehiago luzatuko. "Gloooriia in Eexceelsiis Deeeo". Probatu ez duenak, ez daki zer den hori.

Etxean ikasi nuen Gabonetako ohitura horiek maitatzen, eta maitasun hori transmititu zidatenetako batzuk falta ditudanetik, ditugunetik, eramateko zailak bihurtu zaizkit Gabonak. Badakit ez naizela bakarra, noski. Orain arte aipatutakoez gain, gurean ere familia ospakizunak dira Gabonak, eta hutsuneak normalean baino sakonago antzemateko egun aproposak dira, inola ere.

Kale-tabernetako giroa da Gabonen beste ezaugarri bat. Urtean behin bakarrik ikusten duzun jendea agurtzeko momentuak izaten dira sarri Gabonetako poteoak. Eta zoriontasuna opatzeko. Eta besteen ospakizunen berri izateko. "Ondo pasatu! Non zarete?". Desio bat eta galdera bat. Gurean hori da ohitura, eta txantxetan aritzeko aitzakia ere bai. Baina enegarren "ondo pasatu! Non zarete?" entzuten duzunean, batzuetan, betekada sentitzen duzu. Badakizulako ezetz, ez ba, gau horretan ez duzula bereziki ondo pasatuko, nahiago duzula pasatuta balego. Pasatu dezagun ondo ahal dugun guztietan, noski, baina ez gaizki sentitu lortzen ez denean. Ez da derrigorra, ezta Gabonetan ere.