Iritzia

Erakusten ez denari

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Etxaniz 2021ko abe. 31a, 11:18

Maialen Etxanizek 2021eko abenduko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Frontoira bertaratutako pilotazaleen txalo artean egin zuten sari banaketa eta jantzi zuen txapela Altunak. Ondoan zuen Laso, eta aurrean hamarnaka kazetari eta argazkilari. Konfetiak goian behean, Altunari txapela janzten zioten bitartean. Ez naiz ni ez oso pilotazalea, eta une hartan pilotariei baino konfetiei begira nengoen. Eta neure baitan pentsatu nuen ea nork jasoko ote zituen konfeti haiek guztiak lurretik.

Laboaren doinuetan izan zezakeen lekua galdera horrek; ez, ordea, beste inon. Liburu baten aurrean egin zituen gogoetak Brechtek, eta galdetu zuen ea Txinako Harresia bukatutako iluntzean nora jo zuten harginek. Nortzuk atondu ote zituzten garaitza banketeak edo nork altxatu zituen Erroma bikaineko garaitza arkuak. Liburuek garaitzak jasotzen zituzten gisan kontatzen dituzte gaur egungo hedabideek lorpenak. Ausartzen naiz esatera ez dagoela salbuespenik.

Asko hitz egiten da lorpenez, eta gutxi prozesuez. Asko hitz egiten da egindako proiektuez, plan estrategikoez eta politika instituzionalez. Horregatik agertzen dira argazki gehienetan agintariak. Bestelako lanek eta aldarriek garrantzi gutxiago izango balute gisan. Asko hitz egiten da berdintasunaz eta adierazpen askatasunaz. Modan daude, baina egunerokoan ez dira ageri. Oraindik orain, gauza batzuek eta besteek ez dute berdin balio, antza. Galdetu Cadizen greba eginez altxatu diren metaleko langileei. Tanketak atera dituzte Andaluziako auzo langileetan, gerra garaiko irudiak utziz. Polizia agintarien tresna da. Egunotan hedabideen eta mass medien kontra agertu dira grebalariak. Manipulazioa salatzen dute, eta haien borroka desitxuratzea egozten diete hedabideei, besteak beste. Badirudi mobilizazio batzuek besteek baino garrantzi handiagoa dutela edo adierazpen zenbaitek besteek baino gehiago. Kazetari gisa, zer pentsatua ematen dit.

Urteko azken iritzi artikulu honen bitartez aitortza egin nahiko nieke ikusten ez diren lanetan aritzen diren herritarrei. Zaintza lanetan aritzen direnei, eraikuntzan, garbiketan eta kudeaketan aritzen direnei. Ekimen propioz autoantolatzen direnei eta aldarri ausartak kalera ateratzen dituztenei, beste askoren artean.

Atzeko lanak ez dira garrantziaren araberako zerrendan atze-atzean daudenak. Erakutsi nahi ez edo ikusten ez direnak dira. Kezka sortzen dutenak. Isilean pasatzen direnak, oihartzun handirik hartzen ez dutenak, baina oinarrizkoak eta ezinbestekoak direnak. Atzeko lanak dira jende gehienak gutxien baloratzen dituenak. Segi horrela, eta hurrengo urtera arte.