Bueltan

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Etxaniz 2016ko ira. 1a, 13:50

Denbora tarte batean (nahi baino laburragoa izan ohi dena) errutina albo batera uztea izaten dugu xede udako oporraldian, bakoitzak nahi duen (eta ahal) bezala, nahi (eta ahal) duenarekin eta nahi (eta ahal) duen lekuan. Baina izan munduko beste puntan edo izan kilometro gutxitara dagoen herrian, beti gogoratzen gara gureaz. Ezta?

Aukeratutako noranzkoko jatetxeetan, (-Mmm...zer ederra dagoen hau, baina etxekoaren parekorik ez!), zerbeza batengatik ohi baino gutxiago ordaintzean, edo alderantziz (-Azpeitian prezio horretan hiru zerbeza ateratzen dizki(n)ate!). Baita lotsa ematen dizun gauza baten aurrean ondokoak "lasai, ez gaude Azpeitian" esaten dizunean ere, edo txizaguraz zaudela Erdikaleko komun publikoaz (ordaindu gabeaz) oroitzean.

Joan den oporraldian zehar, baina, horiez aparte beste kontu batzuen karira ere jarri dut begirada Azpeitian eta, oro har, Euskal Herrian. Alde batetik, hainbat herrialdeetan zaborrari ematen dieten trataerak harritu nau. Kale bazterrak zikinak topatzeaz aparte, zaborra botatzeko kolore ezberdineko potorik ez dut apenas aurkitu bisitatu ditudan lekuetan. Berziklatzearen kontzeptuaz duten ideia guretik (niretik behintzat) oso urrun dago. Eta hemen, Euskal Herrian, sua sortzen da gaiaz eztabaidatzen den bakoitzean. Izan kontzientzia kontuagatik edo izan interes kontuagatik pil-pilean dagoen eztabaida da, eta mahai gainean egon beharrekoa, gainera. Nik ez dut nahi herriko edozein txokotan zaborra aurkitzerik, eta are gutxiago zaborra sailkatzerakoan herritarren utzikeria areagotzerik.

Bestetik, bisitatu ditudan lurraldeetan emakumeei ematen zaien tratuak larritu nau. Kaletik doan edozein emakumeri txakurra bailitzan txistu egiten dioten pertsonak, diskoteketara sartzeko neskengana hurbiltzen direnak, edo euren semeentzat emakumeak bilatzen aritzen direnak aurkitu ditut bidean. Eta beste hamaika egoera azalduko nituzke, eta deskribaezinak diren beste hamaika begirada aipatu. Baina inguruotan ere bada eredugarri ez den jarrerarik, eta horren adibide dira Euskal Herrian azken hilabeteetan jazo diren eraso sexistak. Internetez egunkaria irakurtzean izan dut horien berri, eta orduan ere akordatu naiz herriaz.

Eta konturatzerako bueltan gara: "Ederki egon gaitun/k ba Azpeititik kanpo! Orain berriz betikoa egitera, betikoekin eta betiko lekura, betiko asmoak asmo izaten jarraitu bitartean". Hala ere, bueltan garen honetan, kanpoan gaudenean herriaz oroitzea ahalbidetzen duten gauzek gutxienez horrela edo hobeto jarraitzea nahiko nuke. Eta horretarako buelta bat baino gehiago eman beharko zaie gauzei.