Oraina isildu nahi izan zutenekoa

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Etxaniz 2016ko api. 25a, 19:45

Ez da urtebete pasa Uztarria.eus-en azken iritzi artikulua idatzi nuenetik. Mozal Legea onartu eta astebetera idatzi nituen lerro haiek. Isilik egon nahi ez nuela esan nuen orduan.

Joan den ostiralean, kaña bana eskutan, mundua konpontzeko X. saiakeran aritu ginen hiru lagun. Barra ertza toki aproposa izan ohi da horretarako, eta zuk, irakurle, ziur badakizula zertxobait horren inguruan. Ez da isilik egoteko tokia. Aspaldi elkarrekin egon gabe, bakoitzaren azken tirabirak kontatzen aritu ginen. Kamera eskutan ibili ohi gara hirurok eta, hedabideetan kontatzen dugunaz aparte, hainbat anekdota uzten dizkigu horrek.

Kokatu egoeran: ikasleen eserialdia EHUko Bizkaiko campusean, errektoretzak ikasleen eskaerei muzin egin izana salatzeko. Kazetari bat gertaerak grabatzen. Ertzain bat gerturatu eta oldartu egiten zaio. Kazetariak bere egitekoan jarraitzen du. Ertzainak  kamera itzaltzeko esaten dio kazetariari eta eurak ezin dituela grabatu azaltzen dio. Kazetariak gertaera grabatzen ari dela erantzuten dio, ez polizia. Ertzaina haserretu egiten da, mehatxu egiten dio, fitxatu egingo duela esanez. Kazetariak bere egitekoarekin jarraitzen du, ikasleen eserialdia grabatzen. "No me puedes grabar. Leete la nueva normativa, paleto!", dio ertzainak, Cervantesen hizkuntzan. Kazetaria oztopatzen du. Kazetariak gertatzen ari zena kontatzen du bere hedabidean. Ez dute isildu. Mozal Legeari aipamen eginda mehatxatu dute, ordea.

Mehatxutik harago joan zen isilarazteko legea pasatu den apirilaren 6an. Izan ere, 601 euroko isuna jaso zuen Axier Lopez Argia-ko kazetariak atxiloketa bateko unearen argazkia sareratzeagatik. Hau da, kazetaritza lana egiteagatik. Mozal Legea aplikatuta Euskal Herriko kazetari bati jartzen dioten lehen zigorra izan da Lopezena. Aurretik, baina, informazio eskubideak izan du mehatxurik inguruotan, eta horietako batzuk gertutik ezagutu izan ditut.

Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu zuten Iraitz Salegi eta Nekane eta Izaro Zinkunegi kazetariek 2014ko urrian. Ernaik 2013ko martxoan Urduñan antolatu zuen Gazte Danbadako ekitaldi politikoaz informatzeagatik deitu zituzten Topatuko hiru kideak, "terrorismoari gorazarre" egin ziotela leporatuta. Topatu.info atari digitalean zeuden ekitaldi horretako bideoak kentzeko agindua jaso zuten Topatuko kideek, bestela webgunea itxiko zietela mehatxatuta. Grabazio haiek ezabatu baziren ere, deklaratzera deitu zituzten hiru kazetariak. 2015eko ekainean epaitu zituzten Salegi eta Ernaiko zazpi kide, Danbadako ekitaldiaren harira. Azkenean, Fiskaltzak eta AVTren akusazio partikularrak haientzat eskatutako 18 eta 24 hilabete arteko espetxe zigorrak ezeztatu zituen Angela Murillo epaileak.

Momentuz, ez dute oraina isildu. Tabernako barra ertzean jarri, zerbeza bat eskatu eta gauza asko ditugu oraindik konpartitzeko. Tira, eszenatokiak ez du zertan tabernako barra izan. Nahi den tokian jardutea da kontua. Bizipen pertsonalez, sentimenduez, amorruez, atzo zineman ikusi genuen filmaz, gaur bazkaldu dugunaz edo afalduko dugunaz hitz egingo dugu. Solastuko gara ametsez, etorkizunaz eta orainaz, baina isilduko ez garela espero dut. Gizartean, gure inguruan eta, oro har, munduan gertatzen denaren jakinaren gainean egongo garela espero dut. Gose taldeak bere Amets gorrian zioena gertatu ez dadin: "Pasatako dena pasa da eta hemen ez da ezer pasa".