SOS, badatoz saninaziyuek

Erabiltzailearen aurpegia Luis Juaristi Korta 2019ko uzt. 22a, 13:26

Beste urtebetez saninaziyuen bezperetara iritsi gara eta, horrekin batera, aktibismo berezia, etengabeko ekimen uholdea antzeman daiteke Azpeitian. Azaltzen oso zaila den baina azpeitiarrok barne-barnetik bizitzen dugun hala moduzko festa giroan murgiltzen gara egunotan.

Uztailaren azken aldean ohiko izaten dugu "ondo pasatu festak" leloarekin agurtzea kalean topo egin dugun laguna. Noski, gainontzeko herrietan ere gauza bera gertatuko da ziur asko. Ni, ordea, geureaz ari naiz eta erabat ados nago agur horrekin. Nola ez ba! Bai, guztiok, haur, gazte zein heldu izan, herriko festa bikainak pasatzea gustatuko litzaidake.

Baina, zoritxarrez, oso oker, desastre egiten dugun zerbaitetan behatza sartu beharrean aurkitzen naiz. Zaborraz ari natzaizue. Izan ere, oso deigarria egiten da, jendea etxeratzen denean, kaleak, plazak eta herriko txokoak nola geratzen diren erreparatzea: era guztietako zaborrez estalita agertzen dira. Ikuskizun lazgarria, patetikoa, kontzientzia eza eta bizi garen herri zoragarriarekiko dugun errespetu eskasa adierazten dituena.

Gure kale garbitzaileak ahalegintzen dira ondo asko, bai, beraien lan saioetan egoera lazgarri hori txukuntzen. Baina haizea edo eta euria dela, edo zuzen-zuzenean botatzen delako, eragiten dugun zabor horren zati handi batek ibaietan amaitzen du, Urolan gure kasuan, eta itsasoan gero. Han neurri gabe pilatzen ari gara izugarrizko plastiko kopuru handia, papera, botilak, latak, pilak eta abar luzea.

Horrela, azkenean, ibaiak, itsasoak eta ozeanoak erailtzen ari gara poliki-poliki. Gogoratu behar dugu plastiko botila baten batez besteko erabilera 10 minutukoa besterik ez dela, baina 500 urte baino gehiago beharko dituela gero desegiteko. Edo gomazko globo txikiek, desagertzeko urte horiek guztiak behar izateaz gain, animalia mordoa akabatzen dituztela, janariren bat zirelakoan nahastuta irensten dituztelako. Gogoan izan pila txiki batek milaka eta milaka litro ur kutsatzen dituela... eta urtero 10.000.000 tona plastiko isurtzen ari garela itsasora.

Orduan, galdera da: eta guk, gure apaltasunean, zer egin genezake aipatzen dugun eta gehiago edo gutxiago sortzen ari garen hondamendi hori saihesteko? Hausnartu dezagun pixka bat. Oso erraza da. Lehendabizi, saihestu edo, gutxienez, gutxitu dezagun zabor bihurtuko diren produktuen erabilera: plastikoa, goma, txikleak, latak... Bigarrenik, produktu horiek zaborrontzietan jaso ditzagun erabili ondoren, bakoitzari dagokion kontenedorean. Eta hirugarrenik, zaborren bilketari eskua bota diezaiogun, kalean edo bidean topatzen ditugun hondakinak jasoz, geuk botatakoak ez badira ere.

Oso-oso errazak diren hiru neurri, baikorrak, ahalegin handiegirik eskatuko ez digutenak eta helburu zoragarria betetzen lagunduko dutenak: geure etxea dugun planeta eder hau babestea, zaintzea, gordetzea. Oso esker oneko jarrera, festetan gozatzearekin eta disfrutatzearekin guztiz bat egiten duena, gainera.

Ondo pasatu saninaziyuek.