Izarraizpetik

Eskolak: maisu-maistrak

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2023ko urt. 9a, 08:39
(Argazkia: Pixabay)

Luis Gurrutxagak 2022ko abenduko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Atal honetan aipatu izan dut udalerri txikiek zein landa auzoek nolako eraldaketa nozitu duten azken hamarkadetan. Populazioaren jendegabetzeak, nolabait esateko, gune horietako bizitza guztiz ukituta utzi du. Zerbitzu aldetik, maila batean autonomoak baziren –dendak, okindegiak, tabernak...–, gaur egun gutxitu edo falta dira horiek; adibidez, eskolak. Eta horixe da oraingoan otu zaidana: garaiko gure auzoetako eskolaz idaztea, gerra ondorengo hamarkadetako eskolez.

Jakina da, gerra ondoren, Francoren diktadurapean, dena kontrolpean zegoela. Bereziki heziketa munduari erreparatu zion militar satrapak. Errepublika garaietan lortutako aurrerapenak guztiz zapuztu zituzten Mugimendu Nazionalaren printzipioek. Joxe Garmendia Larrañaga Pedagogian lizentziatuak idatzitako bi liburu mardul bezain interesgarritan, sakon eta zabal islatzen da gerra aurreko eta osteko auzo eskolen mundua. Ondo dio esaten duenean "eskola berria ideologia faxistaren ispilua" zela. Gerra bukatu bezain pronto, errepresio itzela pairatu zen, batik bat Katalunian eta Euskal Herrian. Hainbat maisu-maistra hanka egin beharrean aurkitu zen; beste batzuk beren eskoletatik bidali zituzten. Gobernu Zibiletatik zetozen aginduak zorrotz bete beharrean aurkitzen ziren hezitzaileak, desterrua edo heriotz zigorra jasateko arriskuan baitzeuden. Garmendiaren liburuan jasotakoa da ondorengoa; Gobernuaren aginduz, alkateak saiatu behar zirela maisu-maistrak hiru taldetan sailkatzen: "Guztiz antipatriotak eta gaztetxoen kontzientzia asaldatzen zutenak; axolagabekoak edo beren jokaera ongi zehazteke zutenak, Mugimendu Nazional printzipiorekiko, alegia; eta guztiz Errejimenaren aldekoak. Beren karguetan berretsi izan behar zirenak". Era horretako aginduek luze iraun zuten, eta, ondorioz, eragin itzela izan zuen jende xumearengan. Testuinguru hartan, gure bailaretako udal herrixka zein auzo eskoletako maisu-maistrak, gehienetan, Espaniako hainbat probintziatakoak ziren. Pentsa, Nuarben ezagutu izan genituen Palentziakoa, Leongoa, Avilakoa, Kanarietakoa, Murtziakoa, Zamorakoa, baita bi maistra nafar ere, baina ez ziren euskal hiztunak. Nahiz eta gehienetan ongi ikusiak eta errespetuz tratatuak izan, kontuan hartu behar dugu gehienak erdaldunak eta bertakoen pentsaera desberdinekoak zirela. Horregatik, batzuk ez ziren ongi ikusiak. Aizpurutxoarrak, adibidez, gogor kexatu ziren udalaren eta ikuskariaren aurrean. Zergatik? Bada, hainbat animalia espezieren ugalketa azaltzen zuelako eta ez zielako erakusten kristau ikasbidea, besteak beste.

Baziren eskolatze garaia bukatzen zenean –ohikoa jaunartze handia egindakoan, 12-13 urterekin– oso oinarri gutxi lortzen zituztenak. Hori da, behintzat, Juanjoxek kontatu didana, duela gutxi 90 urte bete dituen beizamarrak. Gogoan ditu –eta gogoan edukitzekoak dira– kontu haiek: "Goierritik etorritakoa zen gure maisua. Maisu izateaz aparte, udaletxeko idazkari kargua zuen. Lan asko zuen, eta lan horiek eskolan egiten zituen. Eta guretzat denbora gutxi... Gure ama jakinean zegoen zenbat ikasita bukatu nuen, eta dozena urte inguru nituela, ikasturte osoz, gurasoek Nuarbeko maistrarengana bidali ninduten, ospe onekoa baitzen. Gure baserria Beizamatik ere urrun samar, eta pentsa Nuarbetik... Hara iristen ordubete inguru igarotzen nuen, eta gero, itzultzeko, igo egin behar. Horrela, egunero urte osoan. Beste ikasleak ordubatean irteten zirenean, ni partikular hartzen ninduen Eibarkoa zen maistrak. Asko tematzen zen irakasten, eta oso baliagarria izan nuen ikasitakoa gerora, esaterako, gidabaimena ateratzeko".

Egun, auzo eskola hura historia bihurtu da, hurbila, baina historia. Eraikuntzek hor diraute; batzuk elkarte bihurtu dira, beste batzuk etxebizitza edo erakustoki. Baina eskola sostengatzen zutenak... falta dira!